inprimatu
Pelota, deportea, latiña
Izenburua:
Pelota, deportea, latiña
Sinadura:
Matxain, Manuel
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Matxain, Manuel

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1975
Argitalpenaren urtea:
Alea:
651.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Pelota, deportea, latiña

 

Matxain

 

 -1-

 

 Bertso maiteak irten zaitezte

 bildurrik gabe kanpora

 iñoiz bada ta orain delako

 orretarako denbora,

 sake batzuek joko ditut nik

 zabalera ta txokora

 entzuten diran gauza batzukin

 ez nagolako gustora.

 

 -2-

 

 Egun auetan pelota dabil

 emen gora ta beera

 ori dalata orain badegu

 zerbait esateko era,

 naiz gure jolas zarrena izan

 neronen ustetan bera

 futbolan gisa gaur negozio

 gu biurtzen ari gera.

 

 -3-

 

 Gogoan daukat amar bat urte

 izango nitun artean

 pelota beste jolasik etzan

 izaten gure artean,

 gaur griña eta interes asko

 sartu zaizkio tartean

 bildur naiz oiek ez ote diran

 izango bere kaltean.

 

 -4-

 

 Neri berdin zait Eibar, Bergara,

 Balda edo Galarreta

 frontoi guziak ikusten ditut

 gaur leporaiño beteta,

 Arrigarria or diruakin

 egiten duten suketa

 pelota partez orrek dirudi

 Montekareok ruleta.

 

 -5-

 

 Neronek beintzat begiratuta

 gaur ematen diot traza

 gutxi dirala joaten diranak

 bertara denbora pasa,

 kasino gisa jartzen badute

 gure pelota jolasa

 pena da baiña ez al du laister

 emango azken arnasa.

 

 -6-

 

 Futbola eta kinielak dira

 gaurko askoren ametsak

 ortik ez dator ezer onikan

 geronen erriarentzat,

 frontoitik ere kendu ezkero

 korredore ta trabesak

 akabo gure pelotari ta

 akabo gure enpresak.

 

 -7-

 

 Pelotan alde ibilli degu

 danok mingaiña leguna

 baiña benetan esan al degu

 garbi sentitzen deguna,

 etortzen bada korredoreak

 kentzen dituzten eguna

 ikusiko da pelota zala

 gutxien maite genduna.

 

 -8-

 

 Irakurri det ministro batek

 berriro esan duala

 deporte geio, eta latiña

 gutxiago bear dala,

 Marsek esana religioa

 errien opio zala

 nik derizkiot gaur deportea

 biurtzen ari gerala.

 

 -9-

 

 Naiz ez jakin bat izan neroni

 ta idazten arlotea

 ez da erreza emen batzutan

 ixilikan egotea,

 Ministro jauna ez ote dezu

 aundi xamarra botea

 gaur arte ondo etorri dira

 kultura ta deportea.

 

 -10-

 

 Ordu pare bat igaroa naiz

 pentsatzen oso serio

 jakintsu batek ez ote duan

 "pirrik" ainbeste balio,

 Matxainek beintzat gazteriari

 gaur auxe eskaizen dio

 pelota ere ez dezagula

 egin errien opio.

 

 -11-

 

 Lo arazteko da opioa,

 gazte maiteak esnatu:

 lenen jakintza da guziontzat

 gero pelotan jolastu,

 ez dezagula kirol utsetan

 gau eta egun pentsatu

 gure errian badagolako

 oraintxe zertaz kezkatu.

 

 -12-

 

 Gu euskaldunok kirol kontutan

 lenengo mailletan gaude

 ea denboraz ipintzen geran

 jakintza gauzetan ere,

 pelotan zerbait gu ibiltzeak

 ez du kalterik batere

 baiña latiña kirolagatik

 baztartu gabe beiñere.

 


inprimatu