inprimatu
Gazteak eta zarrak danak ez dira txarrak
Izenburua:
Gazteak eta zarrak danak ez dira txarrak
Sinadura:
Matxain, Manuel
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Matxain, Manuel

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1973
Argitalpenaren urtea:
Alea:
533.zk.
Orrialdea:
11

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Gazteak eta zarrak danak ez dira txarrak

 

Matxain

 

 Alperkeriak uxatu eta

 ekiten diot lanari

 kastigutxo bat eman bearra

 daukat nere buruari;

 kristau artean badabil orain

 jaunak zer esan ugari

 oroitu gabe danok gerala

 mundu ontan pekatari.

 

 Urte au ere aurreratu ta

 lengo naigabe berdiñak

 ai zenbat negar sortzen dituan

 alkar ikusi eziñak;

 gure barruan sartuta daude

 pixti txarrenaren griñak

 gizonak gera emen askotan

 animalirik aundinak.

 

 Gaur munduari begiratu ta

 derrigor esan bear du

 maitasunaren arrasto danak

 ez ote ditugun galdu.

 Alkarren aurka gabiltz egunak

 dituan ainbeste ordu

 paradiso bat bear zuana

 inpernu biurtu degu.

 

 Kristau batzuen jokaera nik

 gaur billatzen det itsusi

 lagun urkorik ezin du askok

 begien pintan ikusi;

 gauza onikan iñoiz egin ez

 kontatu milla fantasi

 oiek ez dute Kriston dotriña

 oraindik ondo ikasi.

 

 Neretzat berdin da eskubia

 ta berdin ezkerrekoa

 bear bezela betetzen badu

 daukagun egotekoa;

 elizara maiz inguratzea

 ez da izaten naikoa

 lagun urkoa maite duanak

 arek maite du Jainkoa.

 

 Apaiz gazteak txarrak dirala

 entzuna naiz publikuan

 egi galantak nunbait esaten

 oiek beti kulpituan.

 Kristo ber-berak orduko itzak

 orain esan bazituan

 komunistatzat artuko zuten

 gizon askok segituan.

 

 Aldakuntzarik nai ez dutenak

 egiten diete traba

 argiak nunbait miñ ematen da

 berak maite duten gaba;

 Aita Santuen esanik ere

 ez badigute nai laga

 emen norena entzun bear da

 ori galerazten bada.

 

 Apaiz gazteak neretzat dira

 langille purrukatuak

 ta berak daude langillearen

 problemarekin lotuak.

 Badakizkigu guk nola ziran

 garai bateko kontuak

 orduan ere orain bezela

 danak etziran santuak.

 

 Milla tokitan esana naiz ta

 ez naiz aspertzen esaten

 apaiz gazteak ari dirala

 ejenplo onak ematen.

 Gure auzoan or ari dira

 lana galanki egiten

 eliz berria zabalduko da

 berairi esker Aieten.

 

 Pausoa franko emanak dira

 aspaldian bazterretan

 danok dakigu ia bi urte

 igaro dira obretan.

 Jaunari esker bukatu dira

 naiz zenbait egon zorretan

 laguntzen faltik ez da izango

 seguru nago orretan.

 

 Maiatzerako aldatu dira

 gure barrioko jaiak

 seguru nago izan ditezke

 lengoak bezin alaiak.

 Berri on bat nik badet zuentzat

 arreba eta anaiak:

 lenengo meza emango digu

 Gipuzkoako gotzaiak.

 

 Agur bero bat gure gotzaiak

 txit merezia ez al du?

 Aietearrak, al dezutena

 meza ortara azaldu.

 Gure biotzak oso osorik

 berari bertan zabaldu

 ikusi dezan maitasun garrik

 emen eztala itzaldu.

 


inprimatu