Pelota, euskal jokoa
Manterola, Marzelino
Gipuzkoa'ko Euskal Pelota
Alkarteako anaiak
aurten betetzen omen dituzte
beren urrezko eztaiak.
Ori dala-ta jarri dituzte
bertsoak jartzeko gaiak,
bertsoen bidez biJoazkie
nere zorion alaiak.
Pelota euskal jokoa dala
gaur jarri diguzute gai,
euskaldun danak or daude orain
jure erantzunaren zai.
Jakintsuren bat naizenikan nik
ez nizuteke esan nai,
baiña, kristauok, gure pelota
euskal jokoa dala bai.
Joko garbi ta txukunik bada
pelota degu benetan,
euskal oiturak dauzka berekin
bere jokera danetan.
Euskaldun amen seme jatorrak
joko-lelu geienetan,
zenbat landare sortu ote da
gure lur maite onetan?
Euskal jokoek ezaugarri au
beti berekin daukate,
euskaldun askok diru-jokoan
griña aundia baitute.
Ori ezean kirol etxeak
nola ainbat aldiz bete?
Pelota euskal jokoa degun
ortatik kontuak ate.
Partiduren bat iñoiz danean
igande-eguardian,
abade jaun bat an jarriko da
Joko-lekuan erdian.
Amabietan orazio bat
danok euskara garbian,
zein ikuspide politak dauden
euskal jokoak nor dian.
Badago beste argibide bat
errez konturatzekua,
baietz aitortzen didazutela
jarriko nuke lepua,
baldin pelota ezpalitzake
benetan euskal jokua,
telebistean sarriagotan
izango luke lekua.
Alkandora, ta praka txuriak,
oiñetakoak berdiñak,
batzuk gerriko gorriarekin,
besteak berriz urdiñak.
Pelotari ta pelota dira
larros eta krabeliñak,
euskera eta Euskalerria
loretxo oien jardiñak.
Euskalerrian bakarrik ez da
jardin eder au loratu,
leku geiotan badaude onak,
au ez nezake ukatu.
Baiña onoko itz au esaten
ez naiz oraindik nekatu;
pelota euskal jokoa dala
naiz erdaldunak jokatu.
Esku, remonte, xexto ta pala,
zenbat oitura pozgarri,
bakoitzak bere trebetasuna
erakutsiaz alkarri.
Pelotari on baten doaiak
nik ezin nezazke neurri,
nere iritziz oietxek dira
euskal jokoen oiñarri.
Euskal Pelotan Alkarteako
langile agurgarriak,
amabi bertso ortxe dijoaz
gai polit orri jarriak.
Al dan garbien azaldu-ditut
nik dakizkidan berriak,
orain artako dagon epaiak
artuko ditu neurriak.
Agur, Alkarte txalogarria,
Jarrai gogotsu lanean,
pauso bikaiña eman dezute
pelotaren izenean.
Gure bertsoak ontzat badatoz
zuen Alkartasunean,
berriro ere agindu lasai
zuek nai dezutenean.