inprimatu
Maitasunaren bidean
Izenburua:
Maitasunaren bidean
Sinadura:
Maitemin
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Maitemin

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1976
Argitalpenaren urtea:
Alea:
704.zk.
Orrialdea:
32

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Maitasunaren bidean

 

Maitemin

 

 1

 

 Amorioa duzu izena, bai eta ere maitasuna.

 Hamar bertsotan adieraztera noa zure nortasuna.

 Hain da aberatsa eta bitxia zugan gordetzen duzuna,

 kantuzko lana hasi aurretik beldurrez lotzen nauzuna.

 Bakartadean ibili gabe nora ezaren erdian,

 

 2

 

 Bakartadean ibili gabe nora ezaren erdian,

 amorioak ifintzen gaitu bide zabal pozkarrian

 eta eragiten besteengana harremanezko gurdian.

 Bere antzeko gidari onik ba ote dugu ludian?

 

 3

 

 Amorioak murgiltzen gaitu ametsezko itsasotan,

 abiarazten etengabeko dantza zoroen pausotan.

 Zer pozkario atseginaren uhinen mila besotan!

 Nola daiteke zentzudun iraun hain zurrunbilo gozotan?

 

 4

 

 Amorioak urrez jazten du maiteminduen bizitza,

 egun txintaren argi berriak nola goizaren ihintza.

 Harremanaren baitan sortzen da berbiztzailea den hitza.

 Berak bakarrik senda lezake bakartadearen gaitza.

 

 5

 

 Uholdearen urek hibaia bere bidetik bezala,

 amorioak bere indarrez gainez atera nazala,

 nigan dagoen herstuasuna betiko zabal dezala,

 ea erabat urruntzen dudan bakartadezko itzala.

 

 6

 

 Iturri oneko ur gozoa ere bihur daiteke gazia.

 Zorioneko sorgina, hainbat malko isur erazia!

 Zer dela eta argi zuria, iluneten nahasia?

 Bizitzak bere baitan darama heriotzaren hazia.

 

 7

 

 Amorioak badu betzutan armiarma baten antza:

 bere itzalean hasi du hainbatek askatasunaren dantza,

 sarez lotua aurkitu gero, hura itolarri latza!,

 azken finean galtzeko osorik libre izateko esperantza.

 

 8

 

 Harremanetan ihardunik ere, hainbat da bakartadean,

 norberarena beti zeozer gelditzen baita gordean.

 Zalantzak ditu galderak sortzen, utziz zintzilik aldean.

 Segurantzarik ezin da lortu maitasunaren bidean.

 

 9

 

 Arrisgurik ez duen biderik inork bai ahal du ikusi?

 Edo gauarik gabeko egunik non dagoen erakutsi?

 Zorioneko, amorios, zure itzal eta guzi,

 eraiki zaitez nere bizitzan gidari eta nagusi.

 

 10

 

 Bertso mugatuz nola osoki mintzatu hain gal bikainez?

 Beldurrez nintzen desegokiak ez ote ziren tamainez.

 Gertatu ere horrela dira eta egin dute gainez.

 Langileari dagokiona jasoko ahal dut ordainez!

 


inprimatu