inprimatu
Mila bederatzi ehunta
Izenburua:
Mila bederatzi ehunta
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1317.zk.
Orrialdea:
59

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Mila bederatzirehun eta

 

 

 Mila bederatzirehun eta

 larogei ta hamargarrena,

 beti gogoan izan dugu

 urte hontako udazkena,

 abenduaren zortzian gaude,

 egunik aproposena,

 Ikastolaren erakusteko

 pozez beterik barrena.

 

 Hasierako agur bero bat,

 adiskide eta lagunak,

 Jinkoak gorde biezazkizue

 dirua eta ondasunak,

 zuen premian izango gara

 ordaintzeko gastu denak,

 limosnatxo bat, otoi! eskatzen

 nonbait gara ezagunak

 

 Nafarroako Tuteran ez da

 jendea horren nagia,

 ongi zekiten txabola hura

 zela zarpailegia,

 ziztrina eta saguek jana,

 zeharo desegokia,

 kopeta zeukan ilun izena

 izanagatik Argia.

 

 Ibili arren aspaldi atzetik

 ez da lortu berehala,

 leku berri bat, ederragoa,

 gustokoa ta zabala,

 aurtengo udan oraindik askok

 ezin sinetsi bezala,

 uste genuen zezenak berriz

 harrapatu gintuela.

 

 Etxe polit hau ikuste hutsak

 alegratzen du begia,

 garbiro behar dugu mintzatu,

 aitortu klaro egia:

 fede gutxiko ergel artean

 ni nintzen buruzagia,

 zezen kolperik gabe halere

 aurkitu behitegia.

 

 Ikastolako patioan orain

 a zer nolako korridak!

 etxekoandre zintzo guztiak

 kezkati eta larriak,

 beren umeak hondarrez daude

 zikinak eta zerriak,

 zaudete lasai! hori agintzen du

 Pedagogia Berriak.

 

 Aste hauetan pasa ditugu

 makina bat katramila,

 Zuzendaria gertatu zaigu

 bizkorra eta abila,

 hemen borrokan aritu ordez

 ihes joan senar bila,

 biba gure Esther, bejondeiola,

 zoriontsu bizi dadila!

 

 Gauzak honera jarraituz gero,

 ikasle gehitze azkarra,

 laister izango da ikastetxe

 handiagoren beharra,

 erdietsiko da hori ere,

 etzazue egin farra,

 oso setatiak gara eta

 Erriberako Nafarrak.

 

 Ikastolaren historiak du

 sei urtetako luzera,

 ez dira izan errazak bere

 jaiotza eta haziera,

 nekeak alai hartu ditugu,

 begiratuz aurrera,

 lanean gogor gora altxatzeko

 Euskara eta Tutera.

 

 Gizalegeak irakasten du

 eskertzearen artea,

 gure ongile denen izenez

 ezin eman nik partea,

 aipatuko dut Nafarroako

 Ikastolen Elkartea,

 eta honera egun hurbildu

 zareten lagunartea.

 


inprimatu