Elias igarlearen otoitza
Aldave, Joakin
Zeruko intzaz beterik daude / ondotik zuen datozen itzak.
Zupaitzazute beren eztiak. / Busti an biatzak.
Jaio da eguna sortaldetikan. / Agertu da iguzkia.
Jo du kanpaiak argi ezkilla / esnatuaz otoitz zalia.
Uxatu dira illun guztiak. / Dana da argiz betia.
Arima onak maite du Egia, / ta du onetxen gosia.
Ene, txoriak kantari denak / agertze'ute beren poza.
Kirkir, kukuak, gorda lekutik / elkartze'ute beren boza.
Eliz torrian kanpaia berriz / lenago baño azkarrago.
«Atozte denak, atozte, arren, / «Errobatibak» jaitzeko.
Kristau multzoak bilduko dira / eliz barruan. Gazteak,
sasoi gizona ta emakumea, / mutill koskor ta txikiak.
Ermita aldera, dijuaz danak / eskariak abestuaz
betiko Aitari, Birgiñ Amari / Deunak izenez deituaz.
Bidian dute edertasuna / beren begiak ikusten.
Bizitz berrira datoz zugaitzak. / Uda-Berriak ditu deitzen.
Nun nai loria. Espiritua / zaiote aintzaz betetzen.
KIRIE ELEEISON otoitz senduak / dute zerua irikitzen,
Otoitza onetxen sakontasunak / dute bailara sendotzen.
«Eman onura danon lanari», / dizugu, Jauna, eskatzen.
Bedeinka'itzazu itsas gizonak / ta berdiñ nekazariak.
Urrundu gaitza, gosia, guda / etsaia ondatzalliak.
Emanzaiozu eskubi eskua / zure langille jendiari
izerditurik ogia jaten / duten ainbeste oieri.
Ondotik meza kantatzen dute / ango ermita ixillian.
Utziko'ituzte beren eskariak / antxen aldare gañian.
Danak bukatzen diranian, beila / jetxiko dira kalera
Errosariua errezatuaz / bakoitza bere etxera.
Ermitatxua bakar ta ixillik / gelditzen da denboretan.
Iñoiz, banakak urbilltzen dira / egun siñalatuetan...
Bakardadeko leku onetan / txoriak dute abesten...
Aize, euria, tximixt, trumoiak, / dute Egillia goratzen.
Nun dira lengo jaiera aiek? / Zergatikan galdu dira?
Begira iozu gaurko egunari, / t'asi arrazoi'en billa.