Bilinchen obian
Lopez eta Alen, Franzisko
¡Nundikan nora topa nezake
Lira bat guztiz alaiya!
¡Nundikan nora kantatutzeko
Zure oroimengarriya!
¡Nundikan nora gaur nik topatu
Musa bat guztiz eztiya,
Gozatutzeko zure samiñak
Ta zure doai aundiya!
¡Nundikan nora, penaz banago!
¡A Bilinch maitagarriya!
Ez du lurrean iñoiz topatu
Gizonak paketasunik,
Baizik Zerura begiratuaz
Jartzen danian besterik:
¡Zer da soro bat ¡ai! ez badegu
Ikusten lorez jantzirik!
¡Zer da gizona arki-ezkero
Munduan bakar-bakarrik!
¡Eta zer dira gauza guztiyak
Jaungoikorikan gaberik!
Au ekartzen dit nere gogora
Izan zenduben bizitzak,
Igarotua seaskatikan
Menderaturikan gaitzak;
¡A Bilinch! Bañan nola etorri
Artzen zenituben gauzak!
Etzuben aintzat artzen beñere
Pare gabeko biotzak,
Nunbait leguntzen zitubelako
Zure barrengo otoitzak.
Dijoanian arrano aundia
Egatzen zabal aidian,
¡O zer aguro ibildutzendan
Aundi izanagatikan!
Dituztenean gizon argiyak
Eriotzaren orduan,
Laja oroitza penagarriak
Jayo ziraden tokian,
¡Alasen ere aben izenak
Egatzen dute munduan.
Eta zuria, Bilinch maitea,
Euskaldunaren artian,
Gizaldietan azalduko da
Donostiakin batian.
Ama euskarak zaitu maitatzen
Beti bere magalian;
Eta izarrak gau illunean
Diz-dizatzeiran antzian,
Diz dizatzendu zure izenak
Bizitu ziñan lurrian.
Gaur nago emen zure parean,
Zu illa ta bi bizirik,
Aldare baten aurrian nola
Egoten geran geldirik;
¿Zer dakigu guk, lurren gañean
Gaudenok iruditurik
Au eta ura orla dirala,
Ez badakigu oraindik
Illak zer diran, iñoiz beñere
Bizirik daudenengandik?
¡A Bilinch! nola atzekabeak
Ez izan emen gerala!
Nola ez izan samiñak eta
Beste gauz asko onela!
Zuk izan arren ¡ai! iguriyak
Malkoak emen zeundela,
¡Nork zuk añian ayek legortu!
¡Nork farrez farrez bezela!
¡Bazirudien gaitzak zure gaiñ
Jaunak jarri zitubela!
......................
¡O zer bakarrik!, ¡O zer isillik!
Ez gaitu iñork galazten,
Ez ta choriyak or datozenak
Urrutitikan kantatzen;
Gora beiratu, bera beiratu,
Etzaitut iñon arkitzen,
Etzaitut bada nik nai ainbeste
Nere gogoan sentitzen,
Bañan nork daki Zeru orta-ik
Baldin banazu ikusten!