Amonatxo!
Aldabe, Joakin
Amona zarra bizkar makurrak
mendira artu da bidia.
Ordeka ez noski ez bada malda
luze, gogor ta pikia.
Eguneroko lantegi bera:
arbazta egurra jextia.
Nolaz, amona, zuaz orrela,
amona zarra maitia?
Ez al da oraindik zabal ideki
zure zorionen atia.
Goruntz ba'zuaz estu ta larri;
auxen ba-dezu nekia!
Bide txiorra estua da ta
larriz dago estalia.
Pausua ematen ez da erraza:
ateratzen da izerdia.
Alako baten, lurrera, danba!
Ainbeste du merezia?
Noizbait eldu da amona zarra
mendi gaillur goienera.
Arri gaiņian exeri eta
dago begira ingurura.
Gero burua, gora ondoren
begiratzen du zerura.
Zeru ederra, urdiņ-urdiņa,
garbi-garbien tokia.
Bai daukazula irabazia
zure lanaren saria!
Otoitz xamurra ezpaiņetatik
sortzen zaio pozgarria.
Berriro bera begiratzen du;
berriro bera, lurrera.
Negarrez dago ase eziņik
ume zurtzaren antzera.
Iņun ba'dago errukarririk...
amona maite, ba-zera.
Ainbat arantzak zulatu dute
bere biotz maitekorra!
Ainbeste seme azi ezkeroz,
ordaintzat utsun legorra.
Nun dira semek? Atozte, atozte,
bada oraindik denbora.
Artzen du amonak zama egurra
bere sorbalda gaiņian.
Abitu zaigu goitikan bera
neke samiņen nekian.
Emen makurtu ta gero zutu,
oiņaz-bide lakarrian.
Egarritu da, ta ara nun, ene!
arkitzen den atsegiņa.
Ur garbi preskok kenduko dio
sukarren legor larria,
antxen dago ta bide bazterren
agor gabeko iturria.
Eskerrak, Jauna, biotzetikan,
artu bai det mesedia.
O zeiņen ona zeran egitan,
nere Jabe, Egillia.
Betor nigana bete-betian
zure iraunkor grazia.