inprimatu
Artzaitxoa ta seaska
Izenburua:
Artzaitxoa ta seaska
Sinadura:
Ligarsa
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Ligarsa

Argitalpena:
Argia.
Urtea:
1926
Argitalpenaren urtea:
6
Alea:
296.zk.
Orrialdea:
1

Artzaitxoa ta seaska

 

Ligarsa

 

 Gure artzai Pillipe antxe zegoan

     goizkiro gogor batez

     ardi ondoan.

 Egun guztian aiek gertuki zaintzen

     zebillen mendiz-mendi

     alai abesten...

 Ez da ludian guzian iñor gizonik

     artzaia bezin garbi

     ta zoruntsunik.

 Ez da ezer oldozten txarrik barruan,

     ona besterik ez du

     bere goguan.

 Itz gozo auek zaizka nabaitzen beti

     txistuka ta ojuka

     "arditor... ardi".

 ¡O! zein pozkarria dan artzai garbia

     eta onen kuttun dan

     bere sendia.

 Guztiak alai daude mendi gañean

     au entzuten dala gaur

     beren etxean:

 —Aita, dio semeak. —¿Zer nai dek maite?

     —Gaur egun ospetsu bat

     dala diote.

 —¿Zer dala-ta ordea, ene semetxo?

     ¿ez dala-ta, esaidak,

     ene kutuntxo?

 —Gaur jaiotzen dalako txiro antzean

     Ume zoragarri bat

     lasto tartean

 Eta Aur lirain ta eder orren izena

     ludi onetan degu

     itz gozoena,

 —Egia dek, bai, nere Martin, ¿ta nundik

     nolaz ori, semetxo

     jakindu dek ik?

 —Abesti xamur gozoz alai abesten

     mendi gorrian gora

     bi laun zetozten.

 —Eta nor ziran, Martin? —Esango dizut;

     Artzai bi ziran nigan

     txit urreratu

 ta laster nion galde pozez beterik

     noraruntz zijoazten

     bide artatik

 ta erantzun ziraten pozez eta alai

     "aspalditxoan gaude

     Ume baten zai".

 —¿Non jaioko dek, esan? ¿urruti, emen?

     —Nere esan dirate

     urrun, Belen'en.

 .........................................................

 .........................................................

 .........................................................

 ¡O! zeruak iriki zaizkiguk; orain

     zetorrek, bai begira

     ¿nor ote da, zein?

 Aingeruak pozkiro zetoztek goitik,

     ttunttun eta txistuaz

     guazen aurretik.

 Artu bildots bat, Martin, ta guazen orok

     Berari eskeintzera

     bildots samurrok

 Aiton eta amon zarrak guztiak batu

     Belen'ara juateko

     gurtu dezagun,

 Belen'ara, bai, pozez Pillipe nausi

     muñ ematera samur

     orok Jesus'i.

 Belaunikatzen gera Zure aurrean,

     ongi etorria Zu

     Jesus maitea.

 ¿Zergatik ote estalpe zar-zar batean

     dago Jesus gurea

     lasto gañean?

 ¿Orren apal zergatik jaio ote da ba

     Zeru-lurren Jabea

     izanik Bera?...

 .........................................................

 .........................................................

 .........................................................

 Aurtxo jaioberria seaskatxoan

     negar-zotiñez dago

     Aman ondoan.

 Samurki lastanduaz Amak dazaio,

     ¿zer izango ote aiz, i

     ene kutuntxo?

 ¿Izango ote aiz bada osasuntsua

     eta ttattar, erkin ta

     gaxo-gaxoa?

 ¿oso aberats eta, oso jakintsu,

     edo ez jakin eta

     tentel, semetxu?

 ¿Txiro edo aberats biziko aiz i?

     ¿makal, sendi ta bizkor?

     itun alaiki?

 ¿Ludi zatar onetan jarriko dituk

     ire oin txuri oiek?

     ¿zer esaten duk?

 ¿Noiz arte biziko aiz, seme al dakik?

     erantzun egidak ba

     baldin badakik...

 —Erantzungo nizuke Ama, baneki,

     ilko naizela beste

     gauzik ez dakit...

 


inprimatu