inprimatu
Orixeren bizitza bertso berritan
Izenburua:
Orixeren bizitza bertso berritan
Sinadura:
Lazkano, Jose Antonio (Donosti)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Lazkano, Jose Antonio

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1973
Argitalpenaren urtea:
Alea:
539-540.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Orixeren bizitza bertso berritan

 

Lazcano, Jose Antonio

 

 -1-

 

 Milla beatzireun irurogeita

 amairugarren urtea,

 nere barrena arkitutzen da

 euskal giroaz betea,

 dozenatxo bat bertso jartzeko

 nik daukat borondatea

 oroiturikan Orixe zana

 ain euskalzale maitea.

 

 -2-

 

 Agertu nai det bere bizitza

 lamperatua ta luze,

 milla zortzireun berrogei eta

 zortzian jaioa uraxe,

 Gipuzkoako Oreja errian

 baserritar bezelaxe,

 Ormaetxea'tar Nikolas edo

 ezagunago Orixe.

 

 -3-

 

 Juan Bautista bere aita zan

 Manuela Iñazia ama,

 Aurraldi batez iru batera

 iaio ziran da ango lana,

 azitzera ordun Orixe iñudez

 Uitzira zan eramana,

 gaixoak galdu zun txikitatik

 amaren gozotasuna.

 

 -4-

 

 Uitzin bizi zan ura Errekalden

 amazazpi urte arte,

 amaikarekin eskola utzita

 basarrin lanean fuerte,

 milla beatzireun eta bostean

 erritik joan zan aparte,

 ta Xabier'en jesuitetan

 urte batzuk zitun bete.

 

 -5-

 

 Xabier, Loiola, Burgos, Oña ta

 Comillas zitun korritu,

 toki obetan ikasi arte

 ez zan pakean gelditu,

 humanidade, teologia,

 filosofia ere amaitu,

 jesuitak bota, ta konbentutik

 gero zan urrutiratu.

 

 -6-

 

 Bere ondotik jesuitak bota

 ta joan zan Bilbo aldera,

 Euskaltzaindien buru Azkuek

 deitu ta aldamenera;

 oni laguntzen zortzi urtean

 akademian billera,

 bien artean txukundu zuten

 sasitegi zan euskera.

 

 -7-

 

 Euskal burua zan Kirikiño

 «Euzkadi» egunkarian,

 ura iltzanean Orixe zuten

 izendatu aren tokian,

 une artantxe liburu pilla

 patxara gabe lanian,

 euskeratuak izan zituan

 Euskal Errian onian.

 

 -8-

 

 Milla beatzireun ogeita amaikan

 joan zan jaioterrira,

 an bost urtean aritu ontzen

 «poema» euskaldunak neurrira,

 gero Iruñako San Cristobalen

 preso giltzape tokira,

 gaztelu ortan bi urte bete

 ta andik pasa zan Frantzira.

 

 -9-

 

 «Urte guziko Meza Bezperak»

 liburua egin Frantzian

 ta Argentinara abiatu zan

 izugarrizko zorian,

 Chile ta Peru, Bolivia ere

 ta El Salvador irian;

 idatzi zitun ainbat iiburu

 Amerikako atarian.

 

 -10-

 

 Amerikatik Euskal-Errira

 berriro zan etxeratu,

 ta Lazkaoko beneditarren

 konbentoan an geratu,

 gero Tolosa, Oreja eta

 Aramara ere mudatu,

 ta azkenean illobarekin

 Añorgara zan aldatu.

 

 -11-

 

 Milla beatzireun berrogei eta

 emezortzi urte aldera,

 Leizan jaialdi baten, egin zun

 Euskaltzaindian sarrera,

 sariak Lizardi ta olerti

 irabazi lau urtera,

 ta andikan laister mundu ontatik

 joan zan Jaunaren aurrera.

 

 -12-

 

 Eskasa naiz ta ezin azaldu

 amabi bertsotan dana,

 erlijioaz izkuntzaz edo

 literaturazko lana,

 ain zan jatorra eta errikoia

 ta egiazko euskalduna,

 Euskal Errian ez da aztuko

 iñoiz Ormaetxea zana.

 


inprimatu