inprimatu
Hamalau bertso barri, hamabi herrietako oraingo bizimoduaren gaiñian
Izenburua:
Hamalau bertso barri, hamabi herrietako oraingo bizimoduaren gaiñian
Sinadura:
Kosune
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Kosune

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1973
Argitalpenaren urtea:
Alea:
548.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Hamalau bertso bari, hamabi herrietako oraingo bizimodauren gaiñian

 

Kosune

 

 -1-

 

 Nik emango ditut orain

 notizia txarrak,

 gurasoek ditue

 egingo negarrak,

 gaztediak, akaso,

 algara ta farrak,

 galdurik diralako

 oitura zaharrak.

 

 -2-

 

 Lenen kasuan dagoz

 gure laboriak:

 nun dira pagadiak

 eta arestiak?

 Galdu dira artotzak,

 galdu, bai, gariak;

 ganantzia, itxuraz,

 belar-pinudiak.

 

 -3-

 

 Usaia handia zan

 hementxe labrantza,

 gizonek sartzen eben

 horretan biotza.

 Baina, lurrak salduta,

 hona heriotza:

 zeren diru horrentzat

 Bilbon dago Boltsa.

 

 -4-

 

 Gaztedia kalera

 solorik nahi ez,

 labrantzan bete ezin

 faltrika diruez,

 nobia bilatzea

 baserrian nekez,

 auzoak bete dira

 neska-mutil zarrez

 

 -5-

 

 Komediak dirala

 gure fabriketan:

 Erdaldun-euskaldunak

 leku berdinetan.

 Nagusi bat berari

 beti zerbitzuetan,

 baina gizon diferent

 biotz-kanpoetan.

 

 -6-

 

 Erbestetik pioiak

 honaxe pillatu,

 jornal diferentekin

 danok aldrebestu.

 Guztiok lotu estu

 alkartzea eskatu,

 holantxe nagusiak

 sendo aberastu.

 

 -7-

 

 Zazpigarren puntuan

 elizen krisia,

 fedearen galtzia,

 apaizen faltia,

 monjen ezkondutzía

 kristauen kalia:

 arras aldatu dala

 zaharren fedia.

 

 -8-

 

 Banakak jardun arren

 apaizak sermoetan,

 botatzen hitz galantak

 euren pulpitoetan,

 pobreak defendituz

 nausien kaltetan,

 Mari Atsoak diño:

 «Marxistak benetan».

 

 -9-

 

 Lenago legea zan

 semeak amabi;

 oraingo familiek:

 «Larregi dira bi».

 Amorea egiteko

 zenbat aldiz nahi,

 botikan erosten da

 pildora anti-baby.

 

 -10-

 

 Hiluntzean etxera

 gazteak poliki,

 oitura zan bezala

 lenago apalki.

 Gaur, barrez, sartzen dira

 Boite-ra alaiki,

 xirritxuak alkarri

 eta txurrut wisky.

 

 -11-

 

 Urkiolako puntan

 zer deboziñoak?

 Estonbak topatu nai

 han bokasiñoak.

 Txanponak bildutzeko

 zer okasiñoak

 Rios-en zabaltzeko

 kristau misiñoak.

 

 -12-

 

 Euskaldunon hizkuntza

 asko jaku erori,

 erdarak terrenua

 kendu euskarari,

 alperrik eskatzea

 laguntza Estaduari,

 ai zer enkargu latza

 utz ikastolari.

 

 -13-

 

 Gorostizak pelotan,

 Antzuak probetan,

 Antonek kanpoetan,

 Berrizek txuletan,

 fama handia dabe

 Amabi Herrietan,

 oraingoan ez gara

 sar politiketan.

 

 -14-

 

 Durango, ingurua

 izango da geixa,

 sorturik egunero

 bizitza barrixa.

 Ez da naiko, alare,

 urteko perixa.

 Aurrerantza beti, zuk,

 egizu Gereixa!

 


inprimatu