inprimatu
Esnatzerakoan
Izenburua:
Esnatzerakoan
Sinadura:
Kazabon, Antton
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Kazabon, Antton

Argitalpena:
Euskera.
Urtea:
1990
Argitalpenaren urtea:
Alea:
-2
Orrialdea:
463-464

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Esnatzerakoan

 

Kazabon, Antton

 

 1

 

 Zintzarri hotsarekin

 berriro mundura,

 jaikitzeko ordua

 azkar heldu da,

 bukatu da gaueko

 ametsen lilura,

 ezin esnaturikan

 betiko modura,

 hainbat duda-muda

 eta arrenkura,

 ideiak burura:

 Hau, hori ta hura.

 Komunera nihoak

 hau pixagura!

 

 2

 

 Gaua gertatutzen zait

 benetan murritza

 eta jaiki beharra

 hau duk langintza!

 Ireki eta itsi

 begiak dabiltza,

 behin eta berriz tinko

 barrua zait mintza:

 -Hola al zabiltza?

 Entzun nire hitza

 nahi baduzu ditxa

 hona hemen giltza:

 Estima eta goza

 zazu bizitza-

 

 3

 

 Zakur zaunkak aurrena

 datoz belarrira

 eta begietara

 argi dizdira,

 dagoeneko norbait

 lanean ari da

 tirriki-tarra hotsak

 entzuten bait dira;

 ordua begira

 nahi nuke sikira

 hirurak balira!

 Ta berriz naiz jira

 tapakipean sartuz

 ohe erdira.

 

 4

 

 Burukia hartuta

 masailaren kontra

 postura egokian

 berriz naiz koka,

 jaiki-ez jaiki honek

 utzitzen nau jota

 ta gelditzea ez zait

 batere inporta,

 gustora nago-ta

 niretzat bikoka

 hau duk hau konforta!

 Mantarik ez bota,

 lantegian gaur ere

 a zer porrota!

 

 5

 

 Gauari hartu diot

 ustetan topea

 halere jaikitzeko

 nabil torpea,

 falta zait animoa

 ta borondatea,

 bertan gelditzen banaiz

 niretzat kaltea,

 amaituz epea

 hobe irtetea,

 altxa ta pakea,

 baina hau nekea!

 Zenbat maite zaitudan

 ohe maitea!

 

 6

 

 Maindirezko kate hau

 lotura epela

 baina jartzen nau triste

 eta goibela,

 zergatikan ote naiz

 hain kristau motela

 eta gizatasunez

 eskas ta ustela?

 Entzun hau bestela:

 Maite dut sabela

 betetzen sakela

 hornituz pardela,

 jakinik lur hezeak

 jango nauela.

 

 7

 

 Burua ilun eta

 odolak irakin

 kanpoan argi eta

 ni esna ezin,

 zertan egiten diot

 egunari muzin?

 Baikor izan nahi nuke

 ta nola ez jakin,

 behar diot ekin

 eta jokatu fin,

 dezadan ahalegin!

 helburu batekin:

 argitu nadin egun

 sentiarekin.

 

 8

 

 Oierren esku-oinak

 ta masail guriak,

 Ekainen irrintzi ta

 dantza-aldiak,

 Morroskaren irudi

 ta begi handiak

 nirekin dauzkat beti

 hiru aurpegiak;

 nahiz eta erdiak

 hor nire egiak

 poz eta zoriak

 gaurko argiak,

 sendatzen dizkidate

 nire zauriak.

 

 9

 

 Orain beste erdiak

 daitezen guziak,

 hautsiz gauaren muga

 eta hasiak:

 Ez al nau behar Euskal

 Herri nahasiak

 zelai ta sorotzeko

 malkar ta sasiak?

 Ahantz ahuleziak

 ta nagi-auziak

 bazter maleziak

 Jaunari graziak;

 jaiki nadin merezi

 du ta biziak!

 

 10

 

 Gaur ere jaikitzeko

 zenbat gogoeta!

 horretarako erre

 behar dut beta,

 nahikoa egondu naiz

 ohean gordeta

 beraz buka dezadan

 gaurko berriketa,

 gaindituaz seta

 jaiki naiz eseka

 lo gozoz aseta,

 non neokan arreta?:

 Berriz ohera noa

 jaia da eta.

 


inprimatu