inprimatu
Jose Luis Edertasunak saldu zaitu
Izenburua:
Jose Luis Edertasunak saldu zaitu
Sinadura:
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):


Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1200.zk.
Orrialdea:
56

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Jose Luis Edertasunak saldu zaitu

 

 

 1

 

 Goizean aldamura

 lasai urreratu

 eta zuri begira

 egin naiz geratu

 zure kantu goibelak

 egin nau kezkatu,

 orain arte nolatan

 ez naiz konturatu.

 

 2

 

 Kaiolan sarturikan

 malkoak begietan,

 zangotxoak dardarrez

 justutik zutikan.

 Abesteko ez dezu

 ia gogorikan

 zu hala ikusteaz

 pena det egitan.

 

 3

 

 Galdu da zure poza

 ta zure kemena

 ta orain ezin izan

 gaztetan zinena.

 Alperrik itto dugu

 zure bizi dena

 ondo merezi dezu

 gugandik omena.

 

 4

 

 Zure arraultzetikan

 atera orduko,

 gizonen atzaparrak

 zintuen helduko,

 askatasun nahiari

 eginikan uko

 burdin sare horrekin

 egin zenun topo.

 

 5

 

 Lehen ederra zinen,

 ala zera orain

 beste kulparik ez da

 erori zure gain,

 hori dela medio

 zuri hainbat irain

 inbidia zegoen

 zu noiz jaioko zain.

 

 6

 

 Jaiotza ta heriotzan

 arteko zubia,

 inoiz ez da zuretzat

 izan miraria,

 zuk ezagutu dezu

 benetako egia

 bertan aurkitu duzu

 zure hilobia.

 

 7

 

 Jaunak egin zintuen

 bi egoeren jabe

 bainan geldotasunaz

 gogorturik daude,

 egoismoagatik

 gizonen mirabe

 horrek ekarri dizu

 hamaika nahigabe.

 

 8

 

 Begira jarriz gero

 zu hodei ertzera

 askatasuna zer dan

 konturatzen zera;

 txori guztiak egan

 gora eta be(he)ra

 une jakin hortan zer

 sentitzen ote da.

 

 9

 

 Burutapen bat badet

 nik azkenaldean

 hemendikan aurrera

 uztea librean.

 Bildur naiz ibiltzea

 gero nora ezean

 egunez gose eta,

 bakarrik gauean.

 

 10

 

 Baten bizitzarekin

 ezin da jokatu

 zugandik besterikan

 ezin det eskatu.

 Egina ezin den arren

 inola orekatu,

 barkatzerik a(ha)l bada

 mesedez barkatu.

 


inprimatu