Bada jaungoiko bat
Iturriaga, Agustin P.
Zerua eta lurra,
Eta ichasoa,
Dagozkigu esaten
Badala Jainkoa:
Iñork sekula balu
Onetan dudarik,
Ez luke bere-buru
Esatea baizik:
Beti argi emanaz,
Len bezin andia,
Egunoro ikusten
Degu eguzkia;
Urteak joanagatik
Millaka pasatzen,
Len bezelaik digu
Argia ematen.
¿Nork egiñ ote zuen,
¡Zer arrigarria!
Beñere akabatzen
Ez zaigun argia?
¿Nork, igaroagatik
Egunak, urteak,
Gorde-arazten diozka
Lenengo bideak?
Baldin irteten balitz
Bide aietatik,
Ez litzake gelditzen
Gizon bat bizirik;
Piskabat joaten balitz
Aronz eguzkia,
Laster litzake otzak
Ill mundu guztia;
Eta ononz baluke
Pauso bat ematen,
Bereala beruak
Ginduzke itotzen;
Ondarrak ez baleza
Geldi itsasoa,
Bertatikan litzake
Mundua itoa;
Baña Jaungoikoaren
Ordenak arturik,
Beñere igarotzen
Ez da ondarretik.
Baldiñ noizbait norbaitek
Naibaluke jakiñ
Lenbiziko gizona
Zeñek zuen egiñ,
Bijoa aditzera
Jakintsun andiak,
Eta ikusiko du
Zer astakeriak
Aien mingañetatik
Dituen aditzen,
Eta nola len beziñ
Illun dan gelditzen.
Galde bizaie nola
Guk mundu guztia
Ikusteko asko degun
Begiko ninia;
Nola odoiak gora
Joaten dan artea
Litekean aiñ gauza
Chikitik sortzea;
Nola irten bezela
Chitoa arraultzetik
Ez duen uts egiten
Mokoka alerik;
Nola enadak egiñ
Dituzten kabiak
Arriturikan uzten
Dituzten guztiak.
¿Zer eranzungo dute
Gizon jakintsuak,
Gauz oietan badira
Gu beziñ itsuak?
Atozkit ononz orain,
Zu, gizon zoroa,
Ukatzera oraindik
Badala Jainkoa.
Eriotzeko orduan
Aditzen badizut,
Egia diozula
Sinistuko dizut;
Orduan nere perill
Ao orretatik
Jainkoaren izena
Adituko det nik;
Osasuna danean,
Bai ere indarra,
Gizonak egiñ oi du
Jaungoikoaz farra;
Baña galtzen baditu
Bat eta bestea,
Orduan aitortzen du
Ark bere jabea.
Ez da mundu onetan
Erri bai bakarrik
Jaungoiko bai badala
Aitor ez duenik;
Azkenean mendiko
Gizon basatiak
Egi au sinistitzen
Oi dute guztiak.
Bada, bai, Jaungoiko bat,
Danik justuena,
Zerua eta lurra
Egiñ dituena;
Zuk egiñ zenduen, bai,
Nere Jaungoikoa,
Lenbiziko gizona
Zure antzekoa;
Zuk egiñak dirade
Eguzki, illargia,
Izar ederrak eta
Ichaso andia;
Oiek ikusten dira
Gauaz ta egunaz
Alabantzak egiten
Zure ontasunaz,
Zure jakinduriaz
Ta anditasunaz.
|