inprimatu
J.R.Ansaren oroitgarri
Izenburua:
J.R.Ansaren oroitgarri
Sinadura:
Iturralde, Jose Mari
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Iturralde, Joxemari

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
878.zk.
Orrialdea:
38-39

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


J.R.Ansaren oroitgarri

 

Iturralde, Joxe Mari

 

 Ez zaizu ahaztutzen

 Andoaingo herrian,

 nola utzi zinduten hilik

 bide bazterrian;

 Urbanetatik gora dagoen

 Xoxoka bidian,

 han agertu zen gorputza

 hurrengo goizian,

 eta herria utzi zenduan

 zuk negar batian.

 

 Gazte jatorra omen zinen

 entzuna dedanez,

 bainan bizia ken zizuten

 nahiz errurik ez;

 sendi eta lagun denak

 utzirik nahigabez,

 «Jauna» eskatzen ditugu

 gaur zuri bihotzez,

 jaso dezazu zeruan betiko

 atseden emanez.

 

 Zoritxarrez zenbat dira

 zu bezala joanak,

 zergatik jakin gabe

 bizia emanak,

 hontaz zerbait badakigu

 gaur euskaldunak,

 baita ere nor diren

 gaizki nahi digutenak,

 ardi larruaz estalirik

 hain otso diranak.

 

 Bizia errespetatzea

 ez al da lehenengo?

 bakoitzaren pentsakera

 horren hurrengo;

 gu bestela ez gara

 hontatik irtengo,

 loturak ere ez ditugu

 sekulan etengo,

 muturka baldin bagabiltz

 hango eta hemengo.

 

 Denborarekin denak

 egiten dira ahaztu,

 bainan indarkeriak

 gauza onik ez du;

 zein gara bati bizia

 egiteko moztu?

 Zer arrazoiak hortara

 gaituzte behartu?

 Gaur elkar ezin ikusia

 ez al da indartsu?

 

 Hainbat arraza gara

 eta hainbat kolore,

 bainan denak eman behar

 zerbait amore;

 nahiz horrek jartzen duan

 pertsona asarre,

 ondo pentsatzen jarririk

 ez gara batere,

 guk horrela ibili behar

 ala eta guztiz ere?

 

 Ekaitz batek ondoren

 eguzkia ez al dakar?

 Bitartean euskaldunak

 izan danok alkar;

 lehenago igaro ditugu

 hainbat urte zahar,

 askotan obe izan arren

 ahaztutzea azkar,

 nahi eta ere axolagabekeriaz

 guk inolaz ezin har.

 

 Eska dezagun denontzat

 pake eta ogi,

 gezurra oinperatuz

 egia indar bedi;

 ikus dezagun bide zuzena

 argi eta garbi,

 bestela alferrik dugu

 hainbat izerdi,

 berdin jarraitu ezkero

 gizaldiz gizaldi.

 


inprimatu