Bozak izan ditugu
Irigarai Goizueta, Pablo Fermin (Larreko)
1
Bozak izan ditugu aurtengo martxoan
Kantuz aipa ditazke iragan ondoan
Luberriaga doha aintzinat ildoan
Berritz kontseilari da kantonamenduan.
2
Presentatzen gintuzten nork beren gizonak
Ezkerrak biga eta bertze bi eskuinak
Azken hoiek zituzten harrauts haundienak
Euskalduna ezin ken miriku kaskoinak.
3
Boza emaile batzu tripako minekin
Kliant eta aixkide mirikuarekin
Uste zuten bozak bil solas ederrekin
Gizonak lan-ta obrak behar ditu egin.
4
Herrirat heldu zaizku nunbaitik gizonak
Sosarekin, erosiz hemen ontasunak
Buruzagi bozetan dire ausartenak
Kargudunen jornalak baitirare onak.
5
Kontseilariak badu lana nun zer egin
Zortzi herritan bide eta eskolekin
Egiteko frango du herritan jendekin
Bertzentzat oren galtzen maiz behar du jakin.
6
Horra herrian gure haur-ta gazteria
Bainan bihar nun dugu hoien lantegia
Lot gaiten altxatzerat zerbait industria
Hundarra ez dadin huts gur-Euskal-Herria.