inprimatu
Uztapideri eginen dioten omenaldiaren ohoretan
Izenburua:
Uztapideri eginen dioten omenaldiaren ohoretan
Sinadura:
Aire, Ferdinand
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Fernando

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1974
Argitalpenaren urtea:
Alea:
609.zk.
Orrialdea:
2

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Uztapideri eginen dioten omenaldiaren ohoretan

 

Xalbador

 

 Ondo dakit gaur bihotz gaxo bat astindu behar dudala.

 Ai. Uztapide! barka zaidazu, zu aitatzera noala.

 Burutan hartu dudan lan hontan Jainkoak argi nazala,

 Esan nahiak ager ditzadan, sentitzen dudan bezala.

 

 Ez dakit zer dan zuri nigaitik gogora datorkizuna,

 Nik ez baidauzkat, "ondo badakit", zure azta ta zentzuna.

 Halarik ere, bada gauza bat, onartu behar duzuna;

 Maitagarria ez banaiz ere maitale suhar nauzuna.

 

 Egun on batez, bertsoen bidez, zurekin elkartu nintzan.

 Zu baino lagun hoberik ez dut aurkitu ene bizitzan.

 Zure itzala berdintzen ere saiatu naiz ene gisan.

 Nahiz nik egin indar guztiak alper alperrikan izan.

 

 Norbaitek behin esan zuala, entzun izan dut nonbaitik:

 Dohain on batek argi dezake berdin anima gaiztotik.

 Inork etzuan inoiz esango horrelakorik zugaitik.

 Dohain hutsa zarelakotz zu, barrendik eta kanpotik.

 

 Jaunak gure gain utzi lan hontan zu izan zara gizona,

 Trebea eta argiz betea, zure hitzetan sakona.

 Parra eragin behar zanean, hartako ere zu ona.

 Gure denboran ezagutu dan bertsolaririk onena.

 

 Egun, ordea, agorrik zaude, ai! ezin beste estutan.

 Herri gainera hainbeste ur on ixur-ondoan burrustan.

 Herri honentzat eten zarela, arren, ez egon damutan.

 Ordainez bere semen bihotzak hartu dituzu eskutan.

 

 Dauzkazun dohain oro dituzu gu danon mende ezarri,

 Zure gogoa eta bihotza, adimendu ta eztarri.

 Amodioa eragile ta, gizalegea uztarri,

 Begira egun zure eraintzak ezarri duan uztari.

 

 Gure lan hontan bide guztiak ez dirade erosoak,

 Bainan nekeak inoiz ekartzen ditu ondoren gozoak.

 Zuk erakutsi gizatasuna eta zuk eman bertsoak,

 Esker on askoz ordaintzen ditu gaur Euskal Herri osoak.

 

 Ez dakit inoiz bihurtu duzun Jaungoikoari eskerrik,

 Mundurat eman zaituelako dana birtutez beterik.

 Etxe guztitan ez da izaten horren ispillu ederrik.

 Zure semeak ez dauka orain horri behatu besterik.

 

 Badakit nola etxean zauden zu ezinduraz betea.

 Ni, berriz, ezin zureganatu, han egoera tristea.

 Gerta litaike munduan elkar guk berriz ez ikustea.

 Eskerrak bizi honen ondotik hor daukagula bestea.

 


inprimatu