Urte zahar, urte berri; edandakao ezin ekarri
Iraola, Rufino
Haruntza ta honuntza
erdi enbalio
ai bere gorputzari
eutsi ezin dio!
gaizki kargatu du ta
ez da misterio
hola eraman behar
zer erremedio
Edanaren edanez
ederki moldatu
bide zelai guziak
zaizkio maldatu,
burua arindu ta
gorputza baldatu
urte berriak ez du
askorik aldatu.
Betazal bat itxi ta
besteak ireki,
mingaina ere ezin
barruan eduki,
gaua pasa duzula
diozu ederki,
zeu gustora bazara
ni ezin erruki.
Lurruna darizula,
sutur-mintzetik
purua zintzilika
hagin hortzetatik
zakurrak berriz zaunkaz
kale ertzetatik
atsoak esna dira
zure hotsetatik.
Mingaina lijero ta,
txarrak, koloreek
eta egiten ditu
pauso dotoreak,
gaur ikusi beharko
dituzte bereak,
kamino bazterreko
zapo ta bareak.
Alkandora kanpoan
sotanaratako
praketa irekia
baina lotarako
ta jertsea lepoan
bufandatarako
ez duk itxura txarra
traperotarako.
Parrandarako dauzka
bots egunetik lau,
honez gero aldatzen
zail izango da hau,
begirik itxi gabe
ez dakit zenbat gau,
asko kantatu gabe
loak hartuko hau.
Ongi berdindu eta
erdi beranduan,
ai honen emazteak
zer sofritzen duan!,
zurrunka ta eztula
lotako orduan,
hobe jarriko balu
txerrien onduan.
Etxera bildu arte
humore onean,
kopeta beltza behin
iristen denean,
oso famosoa da
hauzarte denean,
nahiz ta kolperikan
egin ez lanean.
Eta gutxi axola
etxeko sermoia,
jotzen bait du euririk
gabeko trumoia,
ongi aprobetxatzen
badaki sasoia
ahal badu ez zaio
falta arrazoia.
|