Mendibururenak irakurri eta...
Elorri-Arantza
-1-
Hau nahigabea! eman didate
Mendibururen bertsuek
Euskera gutxi mintzo dutela
bere herriko haurtxuek.
Kontzientzirik ez ote gero
haur horien gurasuek?
Edo ez dakit nola pentsatzen
duten euskaldun batzuek.
-2-
Jaungoiko Jaunak mundu hontara
sortu ginuzen euskaldun
Badakizute gure eskutan
zer doai jarri zizkigun
Baina ez dakit nik guri haztu
edo zer egin zaizkigun.
Ez dira behintzat errespetatzen
behar bezala gaur egun.
-3-
Ondorio bat ateratzen dut
Mendibururen sailetik
gure Euskara abia dala
erabat bide zailetik
Gariak ez du emankizunik
lastotik baizik aletik
Euskal Herriak ez dun bezela
hots, bere izen soiletik.
-4-
Mendibururi ulertzen diot
bere hizketa mintzoa
Eta badakit bera dugula
oso euskaldun zintzoa
Horregatikan nabarmentzen du
bere barrengo mintxoa
Eta benetan estimatzen du
aita zaharren mintzoa.
-5-
Alde batetik gure zelaia
ondatutzen mila sator
eta bestetik jantziko duen
landarerik ez badator
Gainetik inork ez badiogu
lanari heldutzen jator
neroni ere Mendibururen
iritziekin bat nator.
-6-
Ofizialtasuna bakarrik
da hizkuntzaren babesa.
Kinka larrian jar lezakena
egokiera hau eza
Kontu asko ta laguntza gutxi
jokabide aldrebesa
Beste askoren antzekua da
nubait gobernu frantzesa.
-7-
Egia garbi ikus dezagun
ez ibili amesetan
Gure Euskara bizi izan da
lege-molde eskasetan
Ta orain jarri zaiguenian
ia azken arnasetan
erremedio bila dabiltza
Espaniko "Cortesetan".
-8-
Justu justuan onartu dute
nola bat hala besteak
Zeini ez dio penik ematen
hobeto ez ikusteak?
Askoz gehigo eskatutzen du
hizkuntza bati eusteak
Oraindik ere lan onak dauzka
gure Euskara tristeak.
-9-
"Euskara ikas beharko dute
nere haurtxuak"-esan du.
Alde batera bertso hoiekin
animua're eman du.
Etxipenetan ez egoteko.
Ez dala inoiz berandu.
Zori hontatik atera dedin
behar zalola lagundu.
-10-
O! Gurasuak, beraz erakus,
Euskara zuen haurtxuei
Arreta piskat har zaiozue
hare ta nere bertsuei.
Eta bakoitzak erantzun sendo
hartu dituen lantxuei.
Ez dago zertan kaso eginik
Sasi Jaungoiko txatxuei.