Maitasun aspustua
Elorri-Arantza
1
Berdin gabeko dama gazte bat
bizi da gure auzuan,
ibiltzen dena txoriak baino
arinagoko pausuan,
eta neretzat eskatzen diot
jainkoari errezuan,
baina ez dakit inola ere
eroriko den lazuan
2
Sortu zenetik ezaguna den
aingeru miragarria,
halabeharrez gure alboan
zeru berak ezarria;
aldi berean sortarazten dit
pozkida eta larria
eta, ozpinez ase nahi du
nunbait nere egarria.
3
Gerta zaitana deklaratzia
ai! onuzkero berdin da,
kartaren bidez mintza natzaio
bestela ausart ezinda,
ta erantzuna hola eman dit
burla-farre bat eginda
"-Neri ilerik arren ez hartu
zu hontan etzabiltz fin da"
4
Pentsamentua nork ez eduki
holako dama eztian?
Errezibitzeko prest zen dena
nere bihotz amestian;
ta ezezkoa nun eman didan
hark disimulo guztian;
une horretan nahiago bizi
baino sartu lur azpian
5
Hau lezioa izandu dena
neretzat gaztetarako;
ez al da inun alibiorik
frakaso ostetetarako.
Begiz jo nuen eta izenta
nere emaztetarako
eta azkenik ez da gertatu
sufritu bestetarako.
6
Hark beste inork ezin dezake
nere oinazerik kendu,
baina horretaz kupitu gabe
ezezkoa esaten du
Beretzat ez den lorea bistan.
Hori mina ematen du!!!
Ez al da hobe biotatik bat
norabaitera aldendu?.
7
Zeuk alde edo neroni joan
egia esan berdin zait,
kustioa da nere bistatik
izkutatzea nolabait.
Eta, iritziz aldatutzea
gertatzen bazaizu noizbait
nun bizi naizen jakinen gainen
ipiniko dizut norbait.
8
Tristurak ere hartu du toki
nere bizitza alaian.
Batek ez daki zer egin ere
sufritzen duen garaian.
joango banintz ez dakit nora
egongo naiz zure zai han;
besterik ezen bilduko gera
Jossaffatako zelaian.