Amodioa
Elorri-arantza
Amodioa, zugana nator
malko batzuk ixurtzera
berdin pozezko sentimentuak
zure berotan urtzera
zugana nator merezi duzun
esker ona bihurtzera
zugana nator zere alderdi
bikoitz denek agurtzera:
zuk sortzen duzu gizona eta
zuk sortzen duzu lurpera.
Zu zeralako zenbait poetak
astindu izan dun luma
abeslariek gogozko zaitun
gai atsegin da kutuna
zure aurrean bihotz gogorra
ere jartzen da biguna
Gure Jainkoak maitasunaren
oinarri jarri diguna
Baina zenbati ekar diezun
argitzen ez den iluna!
Argi islada bat bezela da
amodioan jaiotza
bizi tokitzat hartutzen duzu
zuk gizonaren bihotza
eta gustora daramaki hark
ezar diozun morrontza
baina badaki inoiz bihurtzen
kabi hori arras hotza
orduan gogor astintzen duzu
zeure ezpata zorrotza.
Amodioak ekar lezazke
ondorio zabalenak
maite-indarrak xuxpertzen ditu
personarik makalenak
bere altzoan izaten dira
larre goxo, epelenak
baina badaki harro-puztutzen
gizonikan apalenak
eta burua galtzen ere bai
izan denek kabalenak.
Amodioa gai genuela
lagun batzuei lenguan
esaten nien esaera bat
nedukiala goguan:
historia da gurpil haundi bat
dabil etorri ta juan,
mudantza asko ez dagoela
atzotik gaurra munduan
larrosa beti egon ohi da
arantza baten onduan.
Amodiozko geza-gaziak
ez naiz probatu gabea
hasten denean edozein duzu
umila eta noblea
gero okertzen badira gauzak
hura izate pobrea!!!
holakuetan aguro moztu
ez al da askoz hobea?
berealaxe gozatzen data
sufritutako doblea.
Amodioan oinharria da
bihotzeko fintasuna
berealaxe usteltzen duna
hitzezko laguntasuna
Ezer bada amodioa da
gizonaren ondasuna,
neretzat behintzat lortu dut eta
deseo nun maitasuna
gaur zoriona eskutan daukat
baldin badut osasuna.
Ze1n ederra den maitatutzea!!!
eta maitatua izan,
gauz serioak ez ditzagula
hartu hutsaren peskixan,
amodioa ez da sortuko
ezkondutzean elizan,
aurrea behar da ongi landua
ohituraz "BAI" ez esan,
zimendu txarren gainen altxata
gero frakasa ez dezan.