inprimatu
Ezpeletan hil hiru beltzak
Izenburua:
Ezpeletan hil hiru beltzak
Sinadura:
Aire, Ferdinand
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Aire, Fernando

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1979
Argitalpenaren urtea:
Alea:
851.zk.
Orrialdea:
38-39

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


faksimilea ikusteko


Ezpeletan hil hiru beltzak

 

Aire, Fernando (Xalbador)

 

 Gauza triste bat publikatzeko

 kantatzera naiz abian,

 horra zer berri zabaldu zaukun

 berriki Euskal herrian.

 Laguntza faltak berekin duen

 pairamenaren erdian,

 hiru gizonek beren bizia

 galdu dutela mendian.

 

 Etziren gure arrazakoak

 mendian galdu direnak,

 Jainko jaunaren bixtan ordea

 anaiak dirade denak.

 Kolorez beltzak izanagatik

 haiek ere ama banak,

 bertzek bezala sofriturikan

 mundu hontara emanak.

 

 Afrikatikan hunat zatozin

 eginik bide luzea,

 ezin jasana zuketen nunbait

 herriko ezin bertzea.

 Beren bizia hobetu nahiz

 gosez ta hotzez hiltzea,

 basihiziek gorena dute

 holako heriotzea.

 

 Diru zuteno laguntzaileak

 bazituzten ene ustez,

 baina zonbaiten karitatea

 egiten da diru hutsez.

 Hartarik kanpo axola guti

 bertzen arima gorputzez,

 gauza horrek nau orroitarazten

 Judas-ez eta Jesus-ez.

 

 Ezin bertzea berekin dakar

 betitik herri pobreak,

 hango jendea tirriatzen du

 bizimodu bat hobeak.

 Haren ondotik zabiltzalarik

 hil dira dohakabeak,

 ai! Ezpeletan aurten nolako

 primaderako loreak.

 

 Basihiziak kontserbatzeko

 badute lege bipilik,

 heietan zonbat ihiztatzeko

 gizonak ez du perilik.

 Eta gizonak norbaiten faltaz

 mendian goseak hilik,

 lege horien sustatzaileak

 gelditu dira ixilik.

 

 Boteretsuak hilargiraino

 igan zauzkigun orduan,

 nehoiz bezanbat injustizia

 ikusten dugu munduan.

 Batzu dirutan emokatuak

 gako guztiak eskuan,

 eta bertzeak ogia galdez

 biziaren irrixkuan.

 

 Dirua deno gure nagusi

 ikusiren da holako,

 aberatsentzat atekak zabal

 hertsi pobrearendako.

 Iduritzen zaut gizona bada

 erreprobetxurik gabeko,

 bidea libro behar lukela

 nahi lekura joaiteko.

 

 Arrotz horiek horrela hiltzen

 ikusiz gure artean,

 nolaz eduki ginezakegu

 kontzientzia bakean.

 Orroit gaitezen arratsalde batez

 galbarioko mendian,

 gu guzientzat hil zela Jesus

 Kurutze baten gainean.

 

 Jesus maitea otoitzez nago

 Kurutzearen oinetan,

 ixuri duzun odol saindua

 ez dadila debaldetan.

 Gure lurrean hil zure haurrak

 harzkitzu otoi besotan,

 arraza berex eta mugarik

 ez den erresuma hortan.

 


inprimatu