Nire azken kantuz
Goiria
Jaungoikoak jarri nindun ni ludian,
pozik bizi nendin gizonen artian;
bare antzeko egin nindun
izaki gogodun ta soindun.
Beti izan dot negan jaunaren eskua
beti neugaz bere kerizpe gozua;
Txiki ta gaztea nintzala
beti ikusi dot bere itzala.
Aberri ederra ta sendi maitia,
izan dira egiz nire jatorria;
Jauna nigaz beti maitaro
agertu izan da aldi oro.
Gaztetxo nintzala egin eutsan deia,
beingo baten itxi neban nik ludia;
apaizgo-bidea nun artu,
Karmeldar Anaidian sartu.
Aberririk urrun jun nintzan gazterik
biotza gaixorik, oso samindurik,
jainkoaren naia ikusita,
beingoz jun nintzan dana itxita.
Urte asko egin nitun atzerrian
jaungoiko-artzai lez gogoen-artian;
gogotsu misio-lanian,
naizta izan biotza Aberrian.
Gero pozik nintzan euskalerriratu,
neure maiteekin barriro alkartu;
katekin lotuta Aberria
aurkitu nun dana jausia.
Betiko etsaiak gogorki artuta
ta semetik askok aztuta-salduta;
bere egoera baltz-ituna,
etorkizuna oso illuna.
Jaungoikoarekin oso aldenduta,
anaien artean oso-bananduta;
aberri-miña dot barnean,
samin-negarra biotzean.
Bizitza dan gogor! Bizitza dan latza!
oiñazez ta itunez zauriturik natza;
Eldu ta zartzaro-garaia...
jun dedin euzkaldun semia.
Ekarri nunduzun Jaungoiko aundia:
pozik onartzen dot Zuk erabagia.
Ar naizu zure biotzean,
sar nadin zeru ederrean.