inprimatu
The day aster
Izenburua:
The day aster
Sinadura:
Gesalaga, Jose Antonio (Zaldubi, Mozkorra)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Zaldubi

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1984
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1039-1040.zk.
Orrialdea:
49

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


The daz aster

 

Mozkorra

 

 Txilinak jo du aurrena,

 eskua bota urrena,

 madarikatu horrek kendu dit

 amets gozoena,

 ia eskutan nuena,

 akabo, joan da dena!

 Zorionaren ordez etorri

 zaigu astelehena. (bis)

 

 Daukadan buruko mina,

 ez da gauza atsegina,

 mozkorrak beti izaten bait du

 bere eragina,

 Whisky eta pipermina,

 eta gero txakolina,

 rock eta baltsa jotzen ari da

 nire danbolina. (bis)

 

 Ezin dut altxatu hanka,

 non kristo ote da fraka?

 buru guztian bueltaka dabil

 atzoko resaka,

 ohetik behera aldapa,

 baina ezin dut arrapa,

 gaur tokatzen da aste hontako

 mendiko etapa. (bis)

 

 Zabaldu nahirik begiak,

 oraindikan eskegiak,

 zer argazkia eskeini duke

 nere aurpegiak...

 egun honen abegiak,

 ez dira dotoregiak,

 gogorik gabe antzeztu behar

 trajikomediak. (bis)

 

 Dirudit triku ber-bera,

 tximak punky-en antzera,

 ile batzuek aurrera eta

 besteak atzera,

 lasai nagiak atera,

 noa buelta ematera,

 ez al da hobe berriro ere

 sartzea ohera? (bis)

 

 Ohetik ezin erori,

 buelta eman eta grogi,

 alper-alperrik izaten dira

 hamaika teori,

 aitzaki eta histori,

 gorputzak nahi epel hori,

 pausoa mobi diet aisago

 makina mandori. (bis)

 

 Jaiki beharko dut sarri,

 nahiz hau izan penagarri,

 ahalegin franko eginagatik

 ezin esna jarri,

 barrua daukat egarri,

 sutan estu eta larri,

 ni jeiki nadin ohe hontatik

 Jin-tonick ekarri. (bis)

 

 Hau da bizitza despota,

 ia leherturik errota,

 ez da posible nere barruan

 haurren bat saltoka...

 Eguerdia igarota,

 non da ezkerreko bota?

 Pisuz arinduz bart ez al nuen

 atarian bota? (bis)

 

 Edan genuen nahikoa,

 edari atomikoa,

 atzo ederki gozotu baina

 gero betikoa,

 barrundikan ostikoa,

 ta ez era eztikoa,

 laister naiz hila zaintzen ez badut

 nere fisikoa. (bis)

 

 Buru erdian iltzea,

 kasik hobe dut hiltzea,

 baina halere derrigorra dut

 hola ibiltzea,

 hain da gozo murgiltzea,

 berriz nahi dut amiltzea,

 erabakiko al du zilborrak

 noizpait isiltzea! (bis)

 

 Boteila altzata gora,

 bota nahi zerbait basora,

 asko kostata irauli eta

 guztia kanpora,

 ez da joan edonora,

 mahaian korrituz hondora,

 ibai luzea nora joango?

 - Ta kantzontzilora... (bis)

 

 Neri hainbeste zoritxar,

 alperrik makina indar,

 inolaz nere buruarekin

 ez dezaket liskar,

 zertarako izan oilar,

 egonaz nahi hainbat paitar,

 lan egiteko ez naiz gauza ta

 joango naiz bihar. (bis)

 


inprimatu