Ama il yat
Gallastegi, Klaudio
Negar dagie nire begiak,
negar garratz ta zintzoa,
oroan ein daust eriotzeak
ama maite ta goxoa.
Urutizkiñak tirrin egin dau
nire lan-ola barruan,
berak ba diñost, abots ta zotin,
«zure ama da il zorian».
Arin arinka bultzira noa
neure ama ikustera,
bultzia tximist-arinka doa
geldi niretzat, ostera.
Zelai, mendiak, politak dira,
garbi garbiak errekak,
baña ezin nik eurai begira
baketu biotz taupadak.
Eldu nintzan ba laster etxera
atarte ondoan danak
esaten eusten larri ta ikara,
negarrez euren begiak.
«Gure amatxu on ta kutunak
betiko itxi dauz begiak,
gutzat izan dan ama bigunak
itxi dauz ezpan maitiak».
Biotza samin, gogoa min min,
eta belaunak dardara
sartu nintzan ni arin bai arin
ama illaren gelara.
Ama!, nirautsan, amatxo maite!,
il zarena ez egia,
zure semeak «itzartu zaite»
diñotzu ama maitia.
Eta gaixoak bere begiak
zabalduten dauz arinka,
irribarreka ezpan argiak,
bere biotza zotinka.
Banoa, seme, zeruetara
diñost bein eta birritan,
neure semetxo, jaupari zara,
onetsi naizu une ontan.
Biotz biotzez parkatu neutsan
gure Jaunaren ordean
eta orduan il zan benetan
irribarrezka, pakean.
Esan zeinkian nire bularrak
biotza galdu ebala,
dana zan miña, dana negarra,
ama laztana il zala.
Udabarriak iges egin dau,
bizi gurarik ez dot nik,
gure bizitza ama dalako,
bizi onetan, sortzetik.
Egun artatik gau guztietan
izaten dot nik ames bat:
neure amagaz nagola izketan
baiña il da ta, loan yat.
Negar dagie nire begiak,
negar garratz ta zintzoa,
eriotzeak eroan daust ta,
ama maite ta goxoa.