On Pedro Nobia Salzedo-kuaren jaiotzako lelengo eundikan
Agirre, Domingo
Ara bat emen, neure adiskide
Arrese koblakarija;
Ara On Pedro Nobia-kua
Euskaldunetan andija;
Berak egin dau liburuetan
Foru-zalentzat argija,
Berak maitatu ta erakutsi
Gure euskera garbija.
¿Zer diñostazu, adiskidia?
¿Eztala oingo-gizona?
¿Eztozu ikusten eztala ondiño
Anchiñetako aitona?
¿Ez aldakizu gure sustraija
Dala zabal ta zakona?....
¿Ain laster, bada, galdu ete da
Euskaldun arraza ona?
¿Egija alda foru santuak
Eztoguzala maitetan,
Egija alda gure euskeran
Eztakigula kantetan?
¿Egija alda galdu giñala,
Galdu giñala benetan,
Egija alda eztaukagula
Lengo odolik zanetan?
Galdu badira gure foruak
Ta galdu ekandu zarrak;
Ausi badeutsez gure aritzari
Maite genduzan adarrak,
¿Zer dogu egiten, adiskidia,
Zetan gagoz bizkaitarrak?
¿Zer dabe egiten euskaldun seme
Argitsu eta azkarrak?
.....................
Ondo dakizu, neure Arrese,
Zer giñian ta zer garan;
Gure izenak lenago iñoiz
Munduba arritu beban,
Asaba zarrak, errizaliak
Kristiñau ziran denporan...
Gaur.... ago isillik, neure lumia,
¿Zetako gejago esan?
Izarraitzeko mendi altua
Eta Anboto-ko tontorra,
Gorbea t' Oiz, zuek lerdena
Beti dozue gangorra;
Ta naiz ikusi eguzki ederra,
Naiz euri, edur, chingorra,
Zuen burua makurtuteko
Dozue gerri gogorra.
Bizi izaten bagendu ikasi
Euskaldunak zuekgandik;
Guzti guztiok izan bagiña.
Lengo-lenguak oraindik,
Auspeztu baga gure burua
Egon bagiña zutiñik,
¿Galduko ete zan gure legia,
Galduko ete zan forurik?
Kontau egizu, koblakarija,
Lengo bizitza zuzena;
Ipiñi egizu kondairan ondo
Erri andi baten izena;
Kantau egizu oingo bizitza,
Errijarentzat zekena;
Kantau egizu zelan genduan
Aritz maitia lerdena.
¡A! ¡Zure kantak esnatu albalei
Euskaldunen lo-zorrua!
¡Zure kantuak esnatu albaleu
Biyotz aundiyen barrua!
Esnatu albalitz emengo izate
Biar dan beste arrua,
¿Mundu guztia arrituteko
Ezgeunke egingo orrua?