Uztapideri
Izazpik
-1-
Zorioneko zure liburu,
«Lengo egunak gogoan»,
Ez dakit nola, nere eskutan
eroria da lengoan.
Ezjakin batek idazteko au
ain ongi nola dagoan,
zu goratzeko ez det arkitzen
itzikan nere agoan.
-2-
Eginkizun bat artutakoan
etzera txantxetan asten,
zenbat ordu ta buruauste zuk
liburu aundi au juaten...!
Eskolan beintzat denbora asko
etzendun pasa ikasten,
ta nun arraio ikasi dezu
orren ederki idazten?
-3-
Liburu oni ezin zaiogun
merezi duen arrera,
arrigarria, motibo gabe,
zuk egin dezun karrera.
Oraindik ere begira zagun
geure ixpillu zarrera,
lotsatu egin bear genduke
azaltzen zure aurrera.
-4-
Zuk ez diguzu euskera jarri
gaurko jakintsuen eran,
erri soillaren esaera ta
izkuntza dezu aukeran.
Kontseju auxe ez da izango
jakintsuentzat galeran,
ura garbia maite dutenak
iturri ontatik eran.
-5-
Alajaiñetan, Uztapide au
degu ortik onakoa,
bertsolaritzan paregabea
ta idazle modakoa.
Zeiñek sinistu zartuta ere
zegoenik onakoa...!
Esaera da, berez bear du
izan «Billabonakoa».
-6-
Gazte denboran probatu zendun
makiñatxobat langintza,
lendabiziko morrontza eta
gero berriz ikazkintza.
Zuk diozuna: «Ni ezin orain
jakintsuen maillan mintza,
askoz geiago jakingo nuen
eskolan izan banintza»...
-7-
Txikitatikan lan gogorretan
ondo zaildua, jakiña.
Euskalerriko baso auetan
amaika txondor egiña.
Nola ez degu estimatuko
orrelako ikazkiña?
Bertsotan eta idazten ere
ederki asko dakiña.
-8-
Orra noraiño iritxi zeran
zu zerekasa egin zerade
ezer ikasi gabea,
jakindurian jabea.
Len ikazkiña izana baiña
orain idazle trebea,
eskolan ere ezin liteke
egin karrera obea.
-9-
Zure munduko egunak ere
ez dira izan errezak,
zenbat mixeri ekartzen duen
diru ta ondasun-ezak...!
Guri bildurra ematen digu
garai artako pobrezak,
baiña batzutan ongi letorke
kentzeko gure laiñezak.
-10-
Liburu ontan ez datorkigu
umiltasuna besterik,
aundinai eta arrokeria
ez pentsatu ikusterik.
Emen ez dezu nai izan auxe
besterik erakusterik,
berez aundia danak ez dula
beiñere aundi usterik.
-11-
Osasunean zauden bitarte
liburu berria egin,
lengo izkuntza garai orretan
berriro ere itzegin.
Euskalerriko plazetan saltzen
egingo degu alegin,
zure oroitza, maitagarria
sekula galdu ez dedin.
-12-
Eskabide bat egingo nuke
nere azken agurrean,
urteak azkar juaten dira
ta eriotza urrean.
Zure irudi bat eukitzeko
gure begien aurrean
monumentu bat merezi dezu
Euskalerriko lurrean.