Nora zoaz Europa..?
Izazpik
kantatutzera noa
jendearen kopla,
orain da epoka,
«guk lana egin eta
besteak jan zopa».
Inori ez diogu
arnasarik opa,
zorionikan inon
ezin degu topa,
oker ote goazen
bildur naiz Europa!!!
Dirua nagusi ta
zaintzen militarrak,
ez dira hain txarrak,
haundiak babestu ta
zapaltzen kaskarrak.
Konforme ez direnak
ixildu beharrak
dakartza kartzela ta
tortura zakarrak,
lege hauetxek ditu
diru ta indarrak.
Langileak milaka
paroaren jabe,
zenbait atsekabe,
eta fabrica asko
krisisean daude.
Langile berririkan
ez hartzea hobe,
huelga ta buruhauste
hoien aurka gaude,
makinak ugaldu ta
gizonak lan gabe.
Lan gabe dagoenak
ditun oinazeak,
tripamin luzeak,
urritutzen zaizkio
atzeko haizeak.
Batzuk gehiegi ta
besteak goseak,
jateko deseatzen
ihar ta hezeak,
oraindikan badaude
munduan klaseak.
Zazpi kolorekoak
dauzkagu ibaiak,
ta beren usaiak,
sudur (zuloentzako)
ez dira alaiak.
Trapu uste artetik
ihes amorraiak,
angularikan ez du
harrapatzen baiak,
laster jango ditugu
kartoizko arraiak.
Txoriak ezin joan
zugaizti batera,
zerbait abestera,
bestela tiroz jo ta
badatoz behera.
Laster galduko dugu
entzuteko era,
baldin bagabiltza gu
oraingo legera,
«zozo-mikote» franko
geldituko gera.
Jakiak hormonaz ta
kimikaz eginak,
oilasko gordinak,
gero ondoren txarrak
janari zikinak.
Gizonak hor dabiltza
tititako minak,
ta ezin gogorturik
beren pitilinak,
oraindik ez ditugu
aditu haundinak!!!
Gaztedia ezin da
kontura inola,
galdurik ajola,
usten du zoriona
drogatan dagola.
Edan jinebra eta
berdin koka-kola,
porroa ezpainetik
jarri dariola,
ai! zein lagun ederrak
droga ta alkola.
Petroleoa dela
munduko negarra
kulpante bakarra,
beste sistemaren bat
asmatu beharra.
Zerbait arkitu nahi
denok su ta garra,
baina ez datorkigu
aurrerapen txarra,
horren ordez jarririk
nuklear indarra.
Kontaminazioak
ditun atakeak,
burni hauts ta keak,
mendi alderuntz doaz
konde ta dukeak.
Oxigeno pixka bat
hartzen zer nekeak...!
Enterratzeko kajak
baleude merkeak,
denak konpontzen ditu
lurpeko pakeak.
Geuk egindako zulo
hortan amiltzea,
dala umiltzea,
baina gustatzen zaigu
hola ibiltzea.
Hau ikusita ez da
errez ixiltzea,
gizona bera dator
saria biltzea,
azkenerako bere
burua hiltzea.
Larogeigarren urte
hau zaigu amaitu,
ta degu nabaitu,
bide hontatik ezin
degula jarritu.
Mundu hau ikusi ta
ezin naiz alaitu,
gorrotatzea beste
legerik ez baitu,
gerra zoroen batek
konponduko gaitu.!!!
|