Ezin sinetsi
Izazpik
1
Txantxetakoak ez dira jaunak,
jende "gaiztoaren" farrak,
telebistatik esandakoak
entenditzeko azkarrak.
Pobrientzako religioak
ez dauzka "modelo" txarrak,
fede sendoa omen daukate
Oriol eta Ibarrak.
2
Pekatarion alde bizia
emateko gertaturik,
ez ote dauka bere kolkoan
damutzeko pekaturik...?
Penitentzia ta lan astunetan
horrenbeste nekaturik,
a zer nolako alajak dauden
Elizak bedeinkaturik!!!
3
Gizon hauekin Eliza ere
ez da portatu itxusi,
apaiz txintxoak beren etxetan
sarri ditugu ikusi.
Txalet ederra bedeinkatuaz
bere kapila ta guzi,
lenaz gainera, ia egiten
diran zeruko nagusi.
4
Holako batzuk joaten badira
aingerutxoen artera,
gu ez gaituzte inoiz sartuko
aberats hoien tartera.
Pobre samarrak geraden denok
orain kontuak atera,
hoien zerutik gu infernura
Luziferrekin batera.
5
Seinale txarra haundizki hoiek
Elizan asko sartzea,
ta zoritxarrez ezkertiarrak
guziak aurka sartzea.
Dirua eta fede jatorra
orren ondo alkartzea,
hau izango da; religioa
"katxondeotzat" artzea!
6
Seguru asko aginduen bat
etzuten ondo beteko,
hainbeste diru urte gutxitan
langileeri jateko.
Orain jendea gerturik dago
Elizari esateko,
ia zer "parto" egin ditugun
seme hoiek izateko?
7
Ez dakit nola predikatu dan
Ebangelioko itza,
baina pobrien albistea zen
ondo agertu balitza.
Orain zergatik dirudun danak
Elizaren alde mintza...?
Behartsu asko konturaturik
hortik urruti dabiltza.
8
Elizak ere badu berekin
zertaz egin esamina,
bere etxea bihurturikan
"txutxo" guzien jardina.
Fundadoreak esandakoa
etzen izango berdina,
itxura gabe utzia degu
jesukristoren dotrina.