Erderaz ez dakit
Izazpik
-1-
Baserritar bat arkitu nuan
lengoan kale-ertzian,
O! zenbat kontu gizarajoak
bere barrena lertzian.
Zer lasaitua artuko zuen
pena danak agertzian,
bertsoen bidez esan nai ditut
zergatik eta zer zian.
-2-
Aoz gora esan zidana
nua bertsoz esatera,
txofertzarako karneta ezin
Jauna, iñola atera.
Zazpi biaje egiñak ditut
«suspenso» eramatera,
neure burua bota bearko
leize zuloen batera!!!
-3-
Kotxe eder bat erosi nuan
ta zorionez beteta,
urrea balitz bezela antxe
mandioan det gordeta.
Orain iñola ezin atera
zorigaiztoko karneta,
ta komeriak izango ditut
erderaz ez dakit eta.
-4-
Erdel itzeri esanai-utsa
kasi ez diet igertzen,
nere buruan sartzeko ez da
xistemarikan agertzen.
Dena memoriz ikasi bear
burua ez bazait lertzen,
baina galdezka asitakoan
ez diet tutik ulertzen.
-5-
Ez-ezaguna dedan izkuntzan
ingeniero danak mintz,
izketan asten diran orduko
ezin ulertu ain bat itz.
Nere esku ta barren guziak
ikara batean dabiltz,
bildur geiago ezin eraman
gerrara juango banintz!!!
-6-
Naiz ta señale danak eraman
buruz ongi ikasita,
an aldatuta arkitzen ditut
paperak letzen asita.
Nik euskerara ezin biurtu
naiz ta burua ausita,
au da mixeri zelebrezkoa
Euskalerrian bizita!!!
-7-
O! Euskeraren gordelekuak
orra, zer atarramentu,
amaika aldiz guretzat zenbat
orrelako eskarmentu?
Euskera gorde degula eta
egon gindezke kontentu...
gero noranai juan bear ta
ez buru ta ez talentu.
-8-
Apaiz jaunak or jardun dezute
gu nolabait konbentzitzen,
gure izkuntza galduko dala
ez badiogu eutsitzen.
Asi zaitezte mendekoeri
pake-pakean utzitzen,
obe dezute goiko oieri
euskera erakutsitzen.
-9-
Nere umeak, Jainkoagatik!
erderaz ikas bezate,
nere antzera beti ibilli
ez ditezen atez ate.
Kontsejatzaille petral oieri
ez kasorik egin bate,
bestela beintzat amaika burla
sufritzekoak zerate!!!
-10-
Arrazoi zuan edo ez neri
jardun zitzaidan galdezka,
ura geiago ez zijoela
or gora kontseju eska.
Itz auetantxe agertu zidan
bere biotzeko kezka,
«Estu-aldian euskaldun eta
pobrien lagunik ezta».
-11-
Aren samiña eta arnasa
irtetzen zuten barrendik,
lezio eder zoragarri au
artu nuen arengandik;
Beraz, zergatik ez gera asten
nagusi daudenengandik...?
Ingeniero Euskaldunikan
ez al da egin oraindik?
-12-
Galdera trixte arrigarri au
egiten det or goruntza
ofizialki dauden etxetan
zergatik ez bi izkuntza?
Kanpotar danak nagusitzara
etorri dira onuntza,
ta azkenian orra, geuk eurai
eskatu bear laguntza!!!