Baserriaren etorkizuna
Izazpik
1
Radiotikan gaur egona naiz
gauz «xelebreak» entzuten,
emen agertu nai nizuteke
zar esplikatutzen zuten.
Baserritarrei zer makina ta
zer gauz komeni zaizuten,
buruz jokatzen dezutenentzat
zer etorkizun dezuten!
2
Aiñ da erreza, besterentzako,
mingaiñari eragiten,
jakin nai nuke, nor zan orrela
ari zana Itzegiten.
Baiña gauza bat ez da izango
aiñ zailla ere jakiten,
bera kalian biziko dala
ez det dudarik egiten.
3
Guk badakigu buruz jokatu
dutenak nun bizi diran,
beren kabia billatu zuten
erri eta kalegiran.
Baseritarei kontseju onak
ematen asi segiran.
Maltzur arraiok! erak zergatik
kaleratu ote ziran?
4
Baserriaren etorkizuna
nork ikusten du aiñ errez?
Ortik aldegin duten guziak
ez dira juan alperrez.
Lurretik bizi bear duanak
eguzkiaren eskerrez,
nekia pranko izango du ta
beste ostian, ezerrez.
5
Txingorra dala edo izotza,
or dabitz trantze estutan,
kosetxa danak bertan galduko
ote zaien arrixkutan.
Ta emen berriz egualdi ona
aiñ degu egun juxtutan,
zeñek sartzen du etorkizuna
egualdiaren eskutan?
6
Beste biderik ez dute eta
piñua sartzen dabiltza,
zelai ta soro danetan jantzi
zaie sasi ta almitza.
Makinak ere erosi nai ta
gero ordaintzen langintza,
negargarria ez ote degu
nekazarien bizitza?
7
Protesta-ordez kalian botaz
esneak alperrik galtzen,
arakiñari txekor ederrak
erdi-prezioan saltzen...
Engaiño gabe, iñork ez die
aterik iñun zabaltzen,
ni lotsatuko nintzake oien
etorkizuna azaltzen.
8
Radio eta izparringiak
esaten dute iraiñez,
baserritarren pazientzia
eginda dagola gaiñez.
Kalian majo bizi geranok
auxe daukagu ordaiñez,
kontseju onak nunaitik eta
laguntza berriz, mingaiñez.
9
Kale gorrian mixeria ta
gerra dagola nagusi,
eta gaiñera gaztientzako
zenbait oitura itxusi...
Gizonak alkar engañatzeko
badegu milla astruzi,
bein kaleratu danikan ez det
berriz biurtzen ikusi.
10
Aiñ etorkizun tristea dago
begira milla aldeta,
asko dijuaz kale aldera
artuta beren maleta.
Gaur zertarako balio duen
txukun-txukuna gordeta?
Bakazioak pasatutzeko
zoragarrizko txaleta!
11
Euskalerriko baserrietan
sortu zeraten gazteak,
etorkizuna zuentzat dakar
eskola ikasteak.
Naiz atsekabe aundia eman
baserri xarra uzteak,
al dezutenak azkar aldegin
artuta zeuen «trasteak».
12
Bide okerra jarri ninteke
bide zuzenaren ordez,
eta norbaitek juzga lezake
askoz ezauguera obez.
Baserritako zar-gazteeri
ezkatzen diet faborez,
garbi agertu dezatela nik
arraizoi dedan edo ez.