Amodio ukatua
Izazpi
1
Bolkan zulotik sua dario
odeietatik trumoi otsa,
egun argiak gaua ondoren
ta sortzeak eriotza.
Berezko gauza guziak dute
jatorriaren abotsa,
zeren oiartzun ote dirade
maitasuna ta biotza?
2
Betidanitik gure barneko
lur sakonean jarria,
andre gizonok sentitzen degun
amodio egarria.
Gure gorputza loratutzean
mirariaz igarria,
adimenaren sena delarik
biotzari ezarria.
3
Izaki denak berekin dute
lege orren aztarrana,
eta gizonok orrez gaiņera
kontzientziak esana.
Nola sortu ta zer nabaitzen
arrigarrizkoa dana,
gure gaiņetik dagon Norbaitek
zuzen egindako lana.
4
Jangoikoaren maitasun legez
loturik gaude guziak,
baiņan olako gauzak aitatzen
lotsaturik ikusiak.
Gizonarentzat zergatik dira
zikin eta itxusiak,
berez garbi ta txukun sortuak
munduaren nagusiak...?
5
Pakean utzi ditzagun emen
garbiak diranak berez,
amodiozko artu-emanak
lotuta dauzkagu legez.
Alkar ikusi ezin diranak
uztarrituaz paperez,
maitasuna da mugaz beterik
ta gorrotoa baterez.
6
Lege oietan errendituaz
zintzo asko nebillean,
txikitandikan ikasitako
bizitzaren karrillean.
Baiņa biotza sentitzen nuen
gaixorik erdi illean,
zenbait negar ta zenbait tristura
nere kolko ixillean !!!
7
Neurri estuan zaindu eziņik
zenbat aldiz nekatua,
amodioa neretzat baizen
igali debekatua.
Baiņa geronik sentimentu bat
daukat gogor finkatua,
maitatutzea ez litekela
izan iņoiz pekatua.
8
Begietara sua datorkit
erraietatikan goruntz,
nere barnean sentitutzen det
ez dakit zenbat aldakuntz.
Sorginkerizko mandatarien
albistea dator onuntz,
aingeru baten billa nabilkit
nere anima ta gorputz.
9
Zeru erditik ixuritako
aragizko aingerua,
ezagun egin nintzanetikan
naukazu erdi erua.
Zeiņek itzali liteke orain
barruko txingar berua?
Mundutarrentzat zerurik bada
zu zera nere zerua.
10
Espirituak ezin mendera
aragiaren indarrik,
iņoiz probatu duenik bada
ez dauka esan bearrik.
Ene anaiok, zer tristea dan,
sufritutzea bakarrik!
Gau eta egun etzait faltz
Gau eta egun etzait faltatzen
begi bietan negarrik.
11
Anai gaixoak irten orduko
itxasora nai du sartu,
berez dituen arnas bideak
ortara dute biartu.
Anai antzera, nere animak
zureaz nai du elkartu,
ene maitea, zutaz kanpora
ezin det arnasik artu!!!
12
Nere desgrazi paregabea
neretzako etzerala.
baiņan jakiņik,legeak autsiz,
elkarrentzako gerala.
Kontzientzia beti esanaz
ori pekatua dala,
zorigaiztoko nere pausoak
infernurako dirala.
13
Sekretu orren pixu astuna
jaso eziņik nekarren,
bide okerrak azkenerako
damutasuna zekarren.
jaunarengana altxa dezadan
biotza al dan azkarren,
pekaturikan baldin badaukat
barkatu zaidazu arren!!!
14
Bekaizkeri ta lege gaiztoaz
beterikan ingurua,
gure biotzak atsedentzeko
nai du leku segurua.
Pekatariok, zeru aldakuntz
jaso dezagun burua,
antxen dauka azkengabeko
maitasun iturburua.
Agur "Bilintx"
Zure omenez, mendak bezala,
usaintsua izan banintz,
zure bertsoak amodioa
nola gau-oskarbiak intz.
Euskalerrian gizonik bada
maitasunezko itzez mintz,
Indalexio Bizkarrondo un
eta izengoitiz "Bilintx"