¡Ai, balekite!
Domingo Agirre
¿Zer dan pakea? ¿Aztu zerate?
¿Pakeagandik urrutietan alzabitzate?
¿Mait'aldezue gudalarien lanbide okerra?...
Pakea degu gau izartsuko illargi ederra,
Baso-mendien ixilltasuna,
Umanzitxoen auski leuna,
Ugeldietan ibaiak duten malsotasuna,
Itsasoaren barezko eguna;
Bakartadean bizi diranen arren soñua,
Errugabeko ume aingeruen lo-lo gozua,
Euskal artzaien bizimodua;
Jauregi zarren orma kondairar untzez jantzia,
Ekaitz ondoren agertzen zaigun goiko ustargia,
¡Jaungoikoaren farre-irria!
Neke gabeko atseden ordu ta naikidea
Zeru bidean guk bear degun ¡arnasa artzea!,
Anima zintzo garbi-garbien bizitz donea
Zerutik Jaunak biraldu zigun karidadea:
¡Orixeñ degu kantari nagon pake maitea!
Pakeak dakarz bere laguntzat,
Mayatzak bere lorak bezela,
Bedeinkaerak, itz ongarriak,
Xamurtasunak, ta poz berriak;
Atsegin bigun animakoak,
¡Mundu onetan billatzen diran ezti tantoak!
Manearentzat dauzka txaloak
Birtutientzat oneresiak,
Berak legortzen ditu malkoak,
Berak saritzen ditu izerdiak.
Paketik dator jakituria,
Gizonarentzat onenetako apainduria;
Paketik dator duikinde ta sal-erosketa
Lan bide onean irabazten dan ogi pusketa,
Soroetako narotasuna,
Etxadirako arki bidea,
Ganbara zabal arto ta gariz ondo betea,
Gutsi-geiago denok nai degun diru-ondasuna,
Alkarganako maitetasuna,
Abegi ona, ikusi naia,
Adiskideai egiten zaien ¡agur! alaia,
Baserritxoan ikusi oi dan pozezko maia,
¡Berri onakin biotz barruan daukagun jaia!
Paketik dator animarako doai santua,
Gizon guztiak begira dezen zeru aldera;
Paketik dator ¡zerua bera!
¡Pake zalien beti-betiko bizillekua!
¡Pake gozoa! ¡Zeruko alaba!
Zure ontasunak, zure gaindiak,
Zure ekarrera osasuntsuak,
Ez ditu ikusi gizon itxuak,
Eta orregatik ¡etzaitu maita!
¡Ai! Balekite mundu guztian zein dezun Aita
Ta zure ondoren zuk dakarzuzan mesede andiak!
Ezlitzatezke iñola izango gizon ta erriak
Gaur diran baizen doaikabe ta errukariak!