inprimatu
Bertso berriak Lemoizeko zentraleari jarriak
Izenburua:
Bertso berriak Lemoizeko zentraleari jarriak
Sinadura:
Etxebarria, Jose Ramon (Txepetxa)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Etxebarria Bilbao, Jose Ramon

Argitalpena:
Anaitasuna.
Urtea:
1980
Argitalpenaren urtea:
Alea:
399.zk.
Orrialdea:
29

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Bertso berriak Lemoizeko zentraleari jarriak

 

Txepetxa

 

 Lemoizeko inguruetan

 gauzak daude oso bero,

 zentrale hori martxan jartzeko

 hor ari da Iberduero.

 Jende gehiena kontra duzue

 haserreturik gauero;

 ETArengandik bonba besterik

 ezin duzue espero

 

 Lurrun-surtzaile bati tokatuz

 hasierakoan txanda,

 oraingo hontan bateri batzuk

 egina dute eztanda.

 ETA taldeak bere mezua

 argiro dauka emanda:

 "zentrale hori, gure eritziz,

 Euskal Herrian sobran da"

 

 Areitio jauna bere barruan

 ikusi dut oso larri;

 akzionistak lasai uzteko

 hizketan ari da sarri.

 Beraren burugogorkeriak

 hara zer duen ekarri:

 Guk ez dugu nahi inola ere

 martxan dezatela jarri

 

 Langabezia ezin kendurik

 batzuk jateko ere doi-doi

 Lemoiz dugu, dudarik gabe,

 kapitalistaren morroi;

 hura egiten gastatu dute

 orain arte hainbat milioi,

 arazo hortan ez baitaukate

 diruaz beste arrazoi

 

 Lege indarrez jarri denean

 kontra Mungiko Udala,

 Gobernadore Zibilak gogor

 zimurtu du betazala;

 gero esanik, lotsagabeki,

 hori ez dela legala;

 pertsona batzuk onartu dute

 dena ardiak bezala

 

 Nuklear horrek ekartzen digu

 energiarekin kalte,

 askatzen baitu kanpora hainbat

 erradiaktibitate.

 Neroni behintzat ez zait gustatzen

 ondorio hori bat'e;

 norbait mina sortzen badio,

 errudun zuek zarete

 

 David izan zen burruka hortan

 eroritako lehena;

 gero langile batzu ere bai,

 bonba baten ondorena;

 Gladis Tuteran erahil zuten

 txakur zantarrek hurrena.

 Penaz diot hau, baina seguru:

 ez da izango azkena

 

 Gure Herria bizi daiteke

 zentral nuklearrik gabe;

 hori edukiz, ez gara izango

 geure buruaren jabe.

 Amerikako agintariek

 saldutakoak dirade;

 hainbeste milioi beste arlotan

 inbertitzen zen hobe

 

 Gure inguru guztiak zikin

 airea betea hautsez,

 hibaietako arrainak hilik

 ta ura edan ezinez;

 erradioaktibitatea

 ekarririk derrigorrez,

 nola ez dugu esango denok:

 Zentrale nuklearrik ez!

 


inprimatu