Pilotariak
Zalduby
1
Pilotak ohore du
Eskualherrietan,
Zeren den ederrena
joko guzietan.
Eskualdunak gaztetik,
pilota-plazetan,
Agertzen du baduen
odolik zainetan.
2
Lehengo pilotari
handien izenak
Espantutan gintuzke
erran behar denak,
Oraiko gizon gazte
deus zainik dutenak
Oro ernaraz detzan
heien aiphamenak.
3
Perkain eta Azantza,
zer pilotariak!
Elgarren bethekoak,
joile bihurriak.
Ikustekoak ziren
esku huska biak,
Chichtuz zohazinean
hoien ukhaldiak.
4
Bai besain, bai besazpi,
bai pumpa lasterrak,
Oro zituen eder
Kurutchet Ezkerrak.
Domingo Ezpeletar
zafrari supherrak
Harrituak zaduzkan
hark ere bazterrak.
5
Jandarme Betiri-ta
Heraizko Martin,
Bi Soldadueneko
osab'ilobekin;
Ibarl'eta Echkanda;
Duronearekin,
Eskuz bai eskularruz
oro ziren berdin.
6
Sustun Itsasun eta
Zuraiden Bettiri,
Zoin gehiago ziren
erreferan ari.
Onddore ta Puttiko
eta Franchistegi
Bumebarekin botan
ziren lau piklari.
7
Kaskoinak eskularruz
Kaskaka, chirrichtan,
Pilota nora nahi
zabilkan chimichtan;
Jokoz bezenbat kaskoz,
munduaren bichtan,
Nekhez agerturen da
haren parerikan.
8
Berrogoi-ta-zazpiko
Irungo partida...
Sekulan halakorik
nun ikusiko da!
Kaskoinaren trunkoa
ez zaitela bira...
Hark han eman zituen
guziak azpira.
9
Kaskoinaren denboran
baziren hainbertze!
Lopetegi, Gamio,
Senjan, Hauziartze,
Tripero, Kandelero,
Ottarre, Goietche,
Harriaga, Norbertto,
Larronddo, Bizintche.
10
Gero Espainiatik,
guri nausitzera.
Melchor, Antsa, Maņuel,
zitzaizkun athera.
Horien joa ez zen
guk usatu bera;
Guante luzeaz zohan
atchik eta fuera,
11
Atchiki joko hori
laster ikhasirik,
Frantsesak ez zagozken
ez lo, ez geldirik.
Mattiu Aheztarrak,
gazterik hasirik,
Espaņolak zituen
iduki hezirik.
12
Mattiuri bertze hauk
zitzaizkun jarreiki
Bere hiru anaiek,
gazteena Betti;
Gregorio, Leitzelar,
Orgambide, Halty;
Bi Eizartze, Larralde,
Chantrea gaindizki.
13
Eskularrua utziz,
arte hortan, oro
Chichteraz hasi ziren
nork jo urrunago.
Jo urrun horren leia
chuchenean dago,
Eta hurbiletik du
indar gehiago.
14
Bidaur, hiru Larronddo,
Chilhar eta Jatsa:
Lau gathu, acheri bat,
seigarrena hartza.
Seiek dute jokoa
murritz eta gaitza.
Damurik chahartzeak
oro geramatza.
15
Berterretche, Patzola
eta Abadia...
Sakhatik da bihurri
hoien ukhaldia.
Ottarre, Belekabe,
Ziki plekaria
Plazarat agertzeko
oi! zer gazteria!
16
Pilotari chaharrak
juaiten has orduko,
Berriak dire bethi
ondotik helduko.
Eskualherrian bada
bethiko muthiko,
Ohore hoi baitute
chutik idukiko,
17
Saratar hoiek dire
sortzez pilotari.
Hazparnen ere hautak
badire noiz-nahi.
Ezpeletar, Khamboarrak
zirenean ari,
Hek ere segur lehen
bazuten behari.
18
Plaza bat izaiki'ta
pilotaririk ez;
Asko herr tan hortaz
dagode ahalkez.
Eskualdun aztureri
ukho hoi egiten,
Eskualduna da hola
Kaskointzen nahi-t'ez.
19
Igande'ta bestetan
ofizioz goiti,
Pilota partida bat
behar laite bethi.
Hartan herriko seme
hoberen zombeiti
Zor zaie agertzea
guziz ohorezki.
20
Askotan eder zaiku
plekako jokoa,
Trinket pardidatto bat,
orobat lachoa
Bego hargatik nausi
errebotekoa.
Pilotako legea
hartan da osoa.
21
Gaztetik ez denean
pleka beizik artzen,
Pareta hari joka
besoa da galtzen;
Bichta eta indarrak
guti han largatzen,
Zabaleko joari
nekhez gero jartzen.
22
Ez du bere parerik
errobot zabalak;
Pilotak airatzeko
han ditu hegalak;
Botak bai erreferak,
maitek bai gibelak,
Han dituzte agertzen
nork bere ahalak,
23
Pik arrasak ez badu
hiltzen errefera,
Errebotaren joa
doha urrunera.
Paso aldekoak du
bihurtzen barnera,
Ahalaz chacha edo
kintze egitera,
24
Bainan erne baitago
errebotlaria;
Zolak igorri joan
du bere loria.
Errechacharieri
orobat guardia;
Besoa dute zalu
bai eta begia.
25
Butariaren joko
latz eta borthitza;...
Maiz horren eskuan da
partidaren giltza.
Paso marrako edo
arte jo murritza...
Kintze gudukatuan
hark du azken hitza.
26
Kintze, trente, kuarenta,
joko da laugarren
Hoien artean zenbat
gora behera den!
Erreferaria da
beldur arraiaren,
Eta kuarentaduna
ados jaustearen.
27
Pilota partidetan
hau ikusten dugu:
Ez dela aski jo
handi ez mukuru.
Gehienik duenak
begi eta buru,
Kintze irabazteko
maiz joa chuhur du.
28
Oro plazarat bilduz
hantchet beha gaude.
Bortz bortzi ari dire
bi gizon aralde,
Zoinek jo chuchenenik,
bizi edo lore.
Irabazleak gero
han du han ohore.
29
Eguerdik jotzen badu
partida artean,
Eskualdunak zer garen
ezagun gare han:
Buru has eta chutik,
denak othoitzean;
Gu baino gorago bat
baitugu gainean.
30
Pilota zoin den joko
ohoragarria,
Ongi dakiena da
Musde Abadia.
Gazteak pilotara
ditezen lehia,
Hark ematen diote
bermatze sana.
31
Saridun partidetan,
begira bargatik
Jukutria gaichto bat
guri egitetik.
Pilotan ari dena
sari horren gatik,
Zinez artzen ez bada,
dohala bichtatik.
32
Barne edo zokhotan
dagon gazteari
Trufa egin dezogun
zeren den hoin nagi.
Kaskoinen jostetetan
gostu badu ari,
Ez dela Eskualduna
aise du ageri.
33
Kampo aro ez bada
hortakotz barnean,
Imbido-ta hordago
joka bai musean.
Orduan da arnoa
gocho mahainean,
Guziz irabazirik
edaten denean.
|