Larrazkena
Erramouspe, Pierre
1
Uda heldu gaitzekin, horra iragana;
Dembora gochtua, oi, zer zoriona!
Hamabi oren gaua, hamabi eguna,
Ordutikan hasten da, bethi larrazkena
2
Gau luzeak eguna, ezti du ezarri;
Gozu guzien ama, duela iduri.
Eskerrak zor ditugu, zeruko Aitari;
Eta hark igorririk, jin larrazkenari.
3
Urriko hilabete parerik gabean
Laboraria ez da, ez atsegabea.
Bil ahala hazkurri, badu etchaldean.
Gose beldurra urrun du larrazkenean.
4
Arthoak zohituah, bai eta gaztenak,
Molko onduak dauzka, dilindan aihenak;
Barrikak betheko tu hekien urinak;
Holako gauzak ditu, bethi larrazkenak:
5
Arbolari fruitua, eroria zaiko.
Larrean da ezkurra, eta bertze asko.
Gure kabala maiten, ongo gizentzeko,
Horra zer gauzak diren jin larrazkeneko.
6
Letsunak karrankaka, airean gorarik,
Urzo urdinak berriz, hegalak zalhurik,
Iragaiten zauzkigu, Eskual-herritik.
Oi, zer ikusgarriak, guk larrazkenetik!
7
Ihiztariendako hau da, hau, dembora!
Idorturik daukate, orduko, bolbora.
Aitzinetik diote, solas hau ardura.
Ago, ago, hel gaiten, hel larrazkenera.
8
Orenak choragarri, dituzte goizetan,
Urzoen hatzemaiten, mendi hegaletan;
Batzuk tiroka eta, bertzeek saretan,
Bethi hola dabiltza, hor, larrazkenetan.
9
Arthoak bildu eta, eraiten ogiak,
Hazaro erditako, ahalaz, guziak;
Pherde pherdea dira, neguko jarriak;
Laster sortharazirik, larrazken eztiak,
10
Damurik ez bethiko zure iraupena,
Dembora choragarri eta hoberena
Gazte ala zaharren guzo bat zarena:
hartuz erraiten dautzut: «Agur, larrazkena.»