Alperrarria ezagutu ez dauan Aita Santi-ri bertso menditarrak
Erkiaga, Eusebio
Atxuriarten sonu,
jaio ta hazia
mendimutil sendoa
azkar ta bizia,
zokil-hausten hasteko
ez zan egokia,
harik laster izango
kaleko txoria.
Fraile zuri-nabarrak
Markiņan ikusi,
mundu ta zerurako
bidea non hasi?
Zana zala, eskolan
letrak iragazi,
ta kaiskazur barruan
asmoak egosi
"Fraile izate hori
ez dok hain motela,
altara ta kulpitu
jantoki ta gela,
praka estuen ordez
soineko zabala,
makaillaua janda be
konforme sabela".
Bizarrak urten urren
agur gurasoak,
Zornotzan ba zan Larra,
bazter erosoak,
kolore zurigorri
mutil bardingoak,
komentuko hormetan
zerurantz leihoak.
Gaztelania, latin
ta griego pitin
euskaldun menditarrak
zer ez gura jakin?
Ikusi ta aztertu
zaharren hondakin,
idazleen zelaian
jolasten eurekin.
Jolasten eurekin ta
bai bakarrean be,
luma-jabe egin zanik
ez da izan berabe,
batu dau batzekoa
ipuin eta asele,
ogi gozoak deuskuz
bere laban erre,
Horra ba Aita Santi,
Abraham barria,
larogetamar ume
bere familia,
euskal lurrean naro
erein dau hazia,
mutilzar izateko
ezin sinetsia.
San Pedrok eskeiniko
ate edegia.
|