Nere etchea
Elissamburu
Ikhusten duzu goizean.
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean
Etche ttipitto, aintzin churi bat;
Lau haitz onduren erdian.
Chakhur churi bat athean.
Ithurriño bat aldean,
Han bizi naiz ni bakean.
Nahiz ez den gaztelura;
Maite dut nik sor-lekhua
Aiten aitek hautatua.
Etchetik kampo zait iduritzen
Nombeit naizela galdua
Nola han bainaiz sorthua.
Han utziko dut nik mundua
Galtzen ez badut zentzua.
Etchean ditut nereak
Akilo, haitzur, goldeak,
Uztarri eta hedeak;
Jazko bihiez, ditut oraino
Zoko guziak betheak;
Nola iragan urtheak
Emaiten badu bertzeak,
Ez gaitu hilen goseak.
Landako hirur behiak
Esnez hampatu ditiak
Ahatche eta ergiak,
Bi idi handi kopeta zuri,
Bizkar beltz, adar handiak.
Zikiro, bildots guziak.
Ahuntza eta ardiak,
Nereak dire guziak.
Ez da munduan gizonik
Erregerik ez printzerik,
Ni bezein uruza denik;
Badut andrea, badut semea
Badut alaba ere nik;
Osasun ona batetik,
Ontasun aski bertzetik,
Zer behar dut gehiago nik?
Goizean hasiz lanean
Arratsa heldu denean,
Nausi naiz mahainean;
Giristino bat ona dut hartu
Nik emaztea hartzean,
Ez du mehe egunean,
Sarthuko uste gabean
Chingar hezurrik eltzean.
Piarres ene semea,
Nahiz oraino gaztea.
Da muthiko bat ernea;
Goizean goizik bazken erdira
Badarama arthaldea;
Segituz ene bidea,
Nola baitu egitea,
Ez du galduko etchea.
Ene alaba Kattalin,
Bere hameka urthekin,
Ongi doha amarekin;
Begiak ditu amak bezala.
Zeru zola bezin urdin;
Uste dut demborarekin.
Oraiko itchurarekin,
Andre on bat dio egin.
Ez dugu behar lurrean,
Ungi bizirik etchean,
Utzi laguna gosean
Ez du beharrak sekulan jotzen
Gure etcheko athean,
Non ez duen mahainean
Othuntza ordu denean
Lekhu bat gure aldean.
Ene andrea Maria
Ez da andre bat handic
Bainan emazte garbia;
Irri batentzat badut etchean
Nik behar dudan guzia,
Galdegiten dut grazia
Dudan bezala hasia
Akhabatzeko bizia.
|