Soldadogoatik Eskual-herrirat itzultzen denaren kantoreak.
Elizalde.
Zorigaitzik egun batez kortheak atzemanik
Nere burhaso zaharrek nigarretan utzirik
Soldado nintzela bada harmetan pharaturik
Ninduten urrun eraman, urrun Eskual-herritik.
Sor-lekhutik urruntzea zein den lastimagarri
Maite guzien uztea oi zen erdiragarri
Nik ez nuke sekulakotz adios erran nahi
Ez nere etchekoeri, ez Eskual-herriari.
Laster igorri ninduten Afrikaren barnera
Laur urthe han egon eta deithu Italiana.
Lekhu orotarik bethi, hegalekin bezala
Gogoa zautan airatzen, arin Eskual-herrira.
Italiako lurrean sarthuz geroz Frantsesak
Oi nolako sarraskiak! oi zer gizon galtzeak!
Odol hibayez dirade han gorritu bazterrak,
Holakorik ez dezala ikhus Eskual-herriak.
Burhaso gaicho hoitarik semeak galdurikan.
Zembatak ez dire yarri auhenik minenetan!
Gure Jainko zerukoak hoin bihotz min handitan
Beira gitzel' erortzetik guziz Eskual-herrian.
Eskualdunen omenari ez diot egin ukho
Nere sabre-bayonetak maiz agertu lekhuko;
Solferinon kolpaturik zioten gehiago
Ez nintzela ez bizirik ni Eskual-herrirako.
Atsulaiko bizkarrean Ainhoako kapera.
Han du nere ama onak othoitz egin ardura
Aingeruen erreginak bida nezan etchera
Bizirik eta osorik ekhar Eskual-herrira.
Nere ama entzun duzu oi Andre amultsua
Azken hatsera nindagon jadanik hurbildua
Zuri esker baizen eztut nik beiratu bizia
Zuri esker dut ikusi berriz Eskual-herria.
Mundarrango mendi hori bethi kopeta gora
Ikusteak pisten derant bihotzean pilpira
Italiako lurretik ere nintzen athera
Bainan sendatu heltzean gure Eskual-herrira.
Irriskuak iraganik trankil orai etchean
Hauche diot Jainkoari galdetzen azkenean
Bizi nadin ainitz urthez ait'amekin batean:
Nere egunak higa diten Eskual-herri maitean.