Nere bordatxotik
Basarri
Kanpotik onuntza datozenak
1
Probintzi maite, aldatu zera,
zu lengo denboretatik,
fabrika, taller eta tximini
ageri dira nunaitik.
Bertan bear zan ainbat beso ez;
lana zegoen gogotik...
urte auetan millaka kristan
sartu zaizkigu kanpotik.
2
Gorrotuz iñoiz eztegu artu
etorri zaigun jendea,
premi gorrian arkitzen danak
berekin du naigabea.
Guzieri on egitea da
Jaungoikoaren legea,
jaiotzen danak bizi izateko
ba-dauka eskubidea.
3
Gure anaiak, millaka dira,
emendik jaunak igesi,
Ameriketan edo Europa'n,
aiek ere nunbait bizi.
Lana egiñaz nai badu batek
jatekoa irabazi,
asmo orrekin datorrenari
ezin iñork galerazi.
4
Arrokeriak sekula eztu
ondoren onik eskatzen,
oien artean askok eztaki
zer lur ari dan zapaltzen.
Kanpotarreri guk eztiegu
beste gauzarik eskatzen,
jakin bezate oiturak eta
izkuntza errespetatzen.
5
Euskeraz izan oi dira beti
gure izketa xamurrak,
ori entzunak jartzen dituzte
iru metroko muturrak.
Gero gañetik gaizki esaka
urratu arte zintzurrak,
ementxe gaude geure lurrean
itzegiteko beldurrak.
6
Oso zabalik arkitu dute
gure etxeko atea,
ori eginda merezi gendun
esker on bat izatea.
Gure oiturak azpiratuta
geuri gaizki esatea,
auxe bai dala burutik bera
nai dutena egitea.
7
Bizibearrak onuntz ekarri
zaituzte zuen erritik,
danak ederki konpon gindezke
irten ezean neurritik.
Errespetoa ibil zazute;
ez jarri bide txarretik,
oibeste burla ezta egiten
erri baten bizkarretik.