inprimatu
Nere bordatxotik
Izenburua:
Nere bordatxotik
Sinadura:
Eizmendi Manterola, Iñaki (Basarri)
Urkizaren iruzkina:
6
Egilea(k):
Eizmendi, Iñaki

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1965
Argitalpenaren urtea:
26
Alea:
139.zk.
Orrialdea:
6

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Nere bordatxotik

 

Basarri

 

 Negu itxurak udazkenetik

 

 Urrilla'ri nago ni

 zerbait kantatzeko,

 Bidea ematen du

 bera maitatzeko.

 Aize goxo, epela,

 danok gozatzeko,

 Auek dira denborak

 pikoak eltzeko.

 

 Soroan pasatzen du

 gaur askok eguna,

 Andik datorrelako

 jan bear deguna.

 Biltzeko eukiarren

 egokitasuna,

 Babarrun gutxi dala

 nago ni entzuna.

 

 Iñoiz udazkenean

 sartzen zaigu otza,

 Ezta izaten gero

 oso negu motza.

 Danontzat mesede da

 olakorik eza,

 Gabonak alderarte

 ontan jarrai beza.

 

 ***

 

 102 urte!

 

 Eun da bi urtek, pentsatu utsez,

 ematen dute ikara,

 Egun bitako etziñan nunbait

 etorri lur onetara.

 Eskerrak eman, O, Manuela,

 eskerrak Zeruetara,

 Oso bakanak irixten dira

 zure mailla orretara.

 

 ***

 

 "Errezill" bertsolaria

 

 Egun urratzez, lengo zugaitza

 mutu ikusten diat nik,

 Etzeok lengo "txioka" otsik,

 ez lengo alaitasunik,

 Iñoiz aspertzen ez intzan txori

 urretxindorra izanik,

 Nork uste bear zian aiñ azkar

 ezkutatuko intzanik?

 

 Illun da trixte gelditu gaituk

 ire lagun on giñanak,

 Mutu ta bakar dagon zugaitzez

 ainbat oroitzen geranak.

 Bukatu dituk ire samiñak,

 ire neke ta lan danak,

 Kantatu dituk mundu onetan

 kantatu bear ziranak.

 

 Gure begiak ez ante berriz

 lur gaiñ ontan ikusiko,

 Lengo erara alkar tentatzeu

 ez gaituk emen asiko.

 Gure Jainkoak ez indukan i

 bazter batera utziko,

 Guretzat toki on bat gertu zak

 biar ezpada etziko,

 

 Gure artetik goruntz ba-ziak

 amaikatxo otoitz ixill,

 Gorputzez ezkutatuagatik

 espirituz urre abili.

 Beti gogoan izango augu;

 i guretzako ez aiz ill,

 Egun Aundia datorren arte

 Agur, lagun zar "Errezill!!"

 

 ***

 

 Joxe Mari Iriondoren itzaldi

 

 Euskalerriko bertsolariak

 Markiña'n besarkatuta,

 Auxe pentsatzen egon nindukan

 gabean etxeratuta.

 Lenago ezer gutxi giñanak

 orra guziz indartuta,

 Urrutitxora joan gindezkela

 guziok alkar artuta.

 

 Kaja koxkor bat bear dugu

 gure Alkartasunean,

 Diruz betetzen ez dek gaiztoa

 danok ondo gaudenean.

 Sano gerala ibili beti

 modurik jatorrenean,

 Premiz danari lagundu gero

 oker bat datorrenean.

 


inprimatu