inprimatu
Nere bordatxotik
Izenburua:
Nere bordatxotik
Sinadura:
Eizmendi Manterola, Iñaki (Basarri)
Urkizaren iruzkina:
6
Egilea(k):
Eizmendi, Iñaki

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1965
Argitalpenaren urtea:
26
Alea:
123.zk.
Orrialdea:
6

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Nere bordatxotik

 

Basarri

 

 Indarra saltzeko

 

 Arri aundiak orrentzat dira

 trapu zar batzun antzeko,

 Denbora gutxi bear du oso

 bizkar gañean jartzeko.

 Nik abixu bat eman nai nuke

 danok gogoan artzeko,

 Indarran paltan iñor balego

 "Urtain'ek" dauka saltzeko.

 

 Oraindik gazte bazera ere

 zaude kemenez beterik.

 Arri dantzatzen iñork ezpaitu

 zure moduko arterik.

 Nere ustetan eztaukazu zuk

 burrukarik izaterik,

 Neurriz kanpoko bati eztauka

 iñork kontra egiterik.

 

 ***

 

 Ikusten diranak

 

 Begira iñoiz egon izan naiz

 gauzak ezin sinisturik,

 Askon gorputzak kusten dira

 eguzki galdaz bezturik.

 Animalien gisara dabiltz

 errespetoak azturik,

 Zer jaten duten eztakit baña

 jazten eztute gasturik.

 

 Erropen etsai agertzen dira

 gaur eguneko gazteak,

 Iñori kezka gutxi ematen

 dio itxuran jazteak.

 Uda giroak bezelakoak

 baldin balira besteak,

 Laister lirake kolperik gabe

 jostunak eta sastreak.

 

 Nabarmena da zertarako dan

 askon erropa kentzea,

 Ondar gañean jartzen zaizkigun

 postura ortan jartzea,

 Oien asmoa ezta bañatu

 ta eguzkia artzea,

 Buruan duten amets bakarra:

 jendeak begiratzea.

 

 Loreak gauza gutxi bear du

 edertasuna galtzeko,

 Gure lurreko jun-etorriak

 lore gaxoen antzeko.

 Aragi oiek zer bear dute

 berriro auts biurtzeko?

 Zein buru arin, ergelak geran

 ortaz ez konturatzeko.

 


inprimatu