Nere bordatxotik
Basarri
Xalbador
Senti bezela nai du "Basarri'k"
guzia garbiro aitor,
Bertso bi ezin molda ditezke
zuk orduan bezin jator.
Irakurri ta ausnartu ondo;
eztia pranko ba-da or,
Zu aundietan aundia zera
lagun zar, maite, "Xalbador".
***
Eztakienik iņor balego
orra garbi erakutsi,
Bide zuzena artu al bada,
ta okerrekoa utzi.
Bertsolariak goiko mallara
nai baldin badu iritxi,
Itz gutxirekin esan asko, ta...
ez itz askorekin gutxi.
***
Aitonak 105 urte
Aitona zarrak ori esan du
umore onez beterik,
Ez edari ta ez tabakoak
ez ote duten kalterik.
Oso zartzeko ezpaldin bada
iņongo beste biderik,
Jainkoagatik etzazutela
presaka artu andrerik.
***
Zeruko Argiaren eungarren alea
Zure argiak diztiratzen du
lendik illun zegoena,
Ale bakarka asi ziņan da
auxe dezu eungarrena.
Gogorki zoaz bide urratzen
Euskalerrian barrena,
Pasa dezula, esango nuke,
aldaparikan txarrena.
Guk nai genduken edertasunik
ezin osatu sekula,
Orretarako sinistu danok
lagundu bear degula.
Nik ondo dakit oraindik ere
akats askotxo dezula,
Seguru nago denborarekin
zuzenduko dituzula.
Zuri eskerrak moldezko letran
or dabill gure izkera,
Zabaltzen ere gogor ari da
etxe batetik bestera.
Asieratik agertuarren
lotsati ta buruzpera,
Sendotzen eta bikaintzen zoaz
orain astetik astera.
Asieratik, askok bezela,
lan egin zendun galeran,
Oraindik ere, zoritxarrean,
bajutxo zaude aukeran.
Bein zabaldu ta ezagutzean
zuk merezi dezun eran,
Gure Jainkoak bakarrik daki
nora iritxiko zeran.
Zure moduko asteroko bat
bear gendun lur onetan,
Gure izkuntza tokirik gabe
gaizki zegoen benetan.
Argi egiten saia zaite zu
al dezun etxe danetan,
Illunzaleak diranak geldi
ditezela illunpetan.
Euskaldun maite, ikus nai zaitut
Zeruko argiz jantzia,
Ango Jabeak eman bekigu
premizko degun grazia.
Itz laburretan agertzen dizut
opa dizudan guzia,
Gure lurrean izan zazula
gizalditako bizia.