Pedro bereterrakoari
Echegaray, Karmelo
¿Non arkituko bear dedan
Goitandiera sutiya?
¿Non Omeroren berdingabeko
Tronpeta guztia zoliya?
¿Non gogargizko bunbada portitz
Lilluragarri biziya,
Kantatutzeko Bereterreko
Pedroren ausartz aundiya?
¡Musa garbiyak! atozte nigan
Irudikiña sutzera
Nigan atozte; zentzuan argi
Dizdizariya sartzera,
Nigan atozte, Pedro Naparra
Chit toki goiyan jartzera;
Nigan atozte doaindigozko
Soñu gozoak jotzera.
Nigan atozte, zabal dezagun
Pedron izena munduan;
Nigan atozte, piztu dezagun
Euskal gizonen goguan
Arren oroitza, surik beragaz
Erro biziya barruan,
Egin ditzaten azaiñ aundiyak
Ark oi zituen moduan.
Nigan atozte, poztu dezagun
Pedro jayo zan erriya,
Poztu dezagun kantu gureaz
Erronkal ibar guztiya
Nigan atozte, jantzi dezagun
Erramuz Ezka garbiya,
Bare kolkoan antzeztu dedin
Pedroren omen argiya
¡O Pedro, Pedro, miragarriya!
¡Gudari pizkor bikaiña!
¿Noal kantatu nezake Pisan
Egin zenduan azaiña?...
Orretarako bear litzake
Pindaroak zuan doaiña,
Orretarako, premizkoa da
Lira bat urrez egiñez.
Esan bezate Florenziarrok,
Esan bezate portitzki,
Pisako gudan zer garaipen zer
izan zioten Pedrori;
Zer garaipen zor, Berterraren
Ausartza guziz goyari,
Umant ark bere barruan zuan.
Berdingabeko garrari
¿Eta nik nola kantatuko det
Napoles-eko jazarra?
¿Nola nik esan zeñ aundiya zan
Bereterraren indarra?...
Suturik bere biyotz-barruan
Ausardiyaren chingarra,
Zabaltzen zuey areriyoen
Martiztiyetan ikara
Bañan ¡o Pedro! zergatik zera
Napolesetik aldentzen?
¿Zergatik dezu mairu-lurrera
Zure joaira zuzentzen?
¿Ez al-dakizu zeñ asko diran
Ayen artean gelditzen?
¿Au jakiñikan, zure biyotza
Bildurrak ez du mugitzen?
Baña ¿zer diot?... ¿nola bildurtu
Naparroako semea,
Baldin beraren biyotza bada
Murkaitzak beziñ tinkoa?
¿Baldin badago dierriyaren
Maitetasunez betea?
¿Baldin ark opa duana bada
Españatarrak goitzea?
Arin, chit arin, urreratzen da
Mairuak dauden lurrera;
Pizkor dijoa, itsasoz arontz
Aitz-ugarte bat artzera;
Garturik bere gudari danak,
Esanaz: ¡goazen aurrera!
Pedrok uzten du gure mendean
Eziñ artu zan Gomera.
Gomeratikan Mazalkibirra
Joaten da Pedro pizkorrik,
Zergatik daukan biyotz sendoa
Garaitza nayez beterik.
Mazalkibirren areriyoak
Azpiraturik utzirik,
Españiyaren izen ederra
Jartzen du danen gañetik.
Oranen ere bere kemena
Gelditutzen da goitua;
Ikaratzen du, purrukatzen du,
Menderatzen du mairua
Lurreraturik, inguratutzen
Duen arrizko murrua,
¡Begira! Pedro nola dagoan
Erri barrura sartua.
Po-bazterretan Arpon ertzean,
Oro-bat Arjel-aldean,
Beti topatzen zaitugu Pedro
Martiztiyarea aurrean;
Beti zabiltza jazarran, gogor,
Etsayagandik urrean;
Beti, lenengo doazen gizon
Bulardetsuen artean.
Nola leoiyen marrunaz, auntzak
Ikaraz diran betetzen,
Nola choriyak, arranoaren
Orroaz diran bildurtzen,
Eta turmoiyen dunbotsarekin
Ardiyak diran izutzen,
Etsaiyak, irrintz zureaz, ala
Ziran labortiz gelditzen.
¡O Bereterra! baña ¿zergatik
Arkitzen zera loturik?
¿Zer egin dezu? ¿Zergatik zaude
Presondegiyan sarturik?...
¿Gizon aundiyak iduki bear
Dira lokarriz beterik?...
¿Oyen biziyak bukatu bear
Du katetzarrez josirik?...
Egiyaz ala gertatutzen da:
Negarren ibar onetan;
Beti gizonak arkitzen dira
Nozitzen; beti neketan;
Patu gaiztoa bakarrik ez da
Topatzen soko tristeetan,
Baizik oraindik chit gogorrago
Sartzen da leku goyetan.
Zuaitz batetik aiza bunbadak
Ditu kendutzen ostoak;
Ujolde bizi galmengarriyak
Soildutzen ditu soroak;
Eguzkiyaren argi gozoa
Ozten digute lañoak;
Ala, gugandik atsegin danak
Daramatz patu gaiztoak.
Ala daramatz; eta naigabez
Lagatzen gaitu beterik
Ezdala gugan antsiyak eta
Neke samiñak besterik;
Ala da beti; bestela ¿non da
Topatzen poza bakarrik?
¿Non arkitzen da; miñikan gabe
Gizadiyagaz nausirik4
Baña neguak ondoren dakartz
Udaberriko loreak,
Goibel-atzetik eguzkiyaren
Errañuaren urreak;
Euri tristeak utzitzen ditu
Lurrak alortaz beteak
Eta poza ta gozotasuna
Dakartz jarrayan nekeak.
Orregatikan agertzen zera
Gaur leku goira jaikiya,
Pozez, omenez estalirikan.
Zu jayo ziñan erriya.
¡Naparrak! jaso zazute, bada,
Zuen erritar argiya,
Jarririk bere kopetan "GIZON
ILLEZKORRAREN" koroiya.