Larramendi-ri. Ikustera bat
Echegaray, Karmelo
Gabak zabaltzen zuen lurrean
Bere mantua;
Mendarteetatik goratutzen zan
Arrats-lañua;
Bere kabira, lotara joaten
Zan chorichua;
Gelditutzen zan isill-isillik
Sortitz osua.
Gau ederra zan: udaberriko
Gau osgarbiya;
Izar ederrez jantzirik zegoen
Zeru guztiya;
Eta sartaize bigunchoaren
Surmur eztiya
Sentitutzen zan, mugirik lore
Jayo-berriya.
Isillik pill-pill egiten zuten
Iturchuloak;
Isill isillik mugitzen ziran
Zuait-ostoak;
Isill-isillik, oro bat zeuden
Chara-basoak:
¡Gauza guztiyak zeuden iñolaz,
Arturik loak!
Baña bat baten, arrats-lañoak
Urraturikan,
Izar sutsuen distiadura
Mendeturikan,
Argitasun bat gora irten zan
Andoaindikan,
Buruntzapean dagoen ibar
Ederretikan.
Ura zan Aita Larramendiren
Itzal argiya,
Zijoalarik egaan, artzera
Bere sariya,
Bere lan eta birtuteakin
Irabaziya,
Lurrean izan zituen penen
Ordaingarriya.
¡Nola zijoan tokarte danak
Igarorikan,
Argi-iturriyak zerraizkiola
Kopetatikan,
Eguzkiyaren eran dizdizak
Zabaldurikan,
Begiratutzen zuten guztiyak
Itsuturikan!
Lilluraturik gelditu ziran
Nere begiyak,
Ikusitzean Larramendiren
Dizdiz biziyak:
Eta banindu bezela bota
Chimist sutiyak
Lurra jo nuen, galdurik indar
Guzti-guztiyak.
Laster gañean sentitu nuen
Aize gozoa;
Zirudiyena Paradisuan
Sortutakoa.
¡Añ zan likurta miragarrizkoz
Beretakoa!
¡Ainbat indartu zidan arima
Triste gaisoa!
Eta beragaz; alaiturikan
Adimentua,
Zeruronz jaso nuen berriro
Nere burua,
Begiratzeko, len Larramendi
Zegon lekua,
Non bera nuen ikusi, lañoz
Inguratua.
Orduan bai zan ezagututzen
Zure gloriya,
Zuk irabazi zenduen omen
Ezillgarriya:
Orduan ¡bai! zan ikusten ongi
Zerala aundiya,
Zerala, benaz, Zeru-goiyetan
Izar argiya.
¿Nork, aurkez, dio begiratutzen
Eguzkiyari,
Izar guztiyen nagusi eta
Erregeari?...
Doi au, bakarrik eman zitzayon
Arranoari,
Goyan kabiya duen egazti
Goiantiyari.
¿Nola diogu begiratuko,
Modu berean,
Umant ezillkor argitsuari,
Dagoenean
Zeru goiyetan, aurkizarrezko
Koroi-tutean,
Baldin bagaude gu, loturikan,
Emen lurrean?
Orregatikan jarri zituen
Jaun Jaungoikuak,
Eguzkiyaren inguruetan
Laño trinkuak:
Orregatikan, umanten jiran
Airge goitsuak,
Ederki kanta zuen bezela
Milton itsuak.
¡O zenbat umant ageri ziran
Laño-tartean,
Aita Manuel arkitzen zala
Danen gañean,
Nola eguzkiya izarrez-goitik
Zeru-urdiñean,
Nola larrosa, lore danez gañ
Zelai batean!
An zegon Humboldt; an Mendiburu
An Astarloa;
An Mogeltarrak; an Kardaberaz
Ernanikoa:
Danak an zeuden, doanditurik
Euskal-mintzoa;
Larramendi zan, baña, danetan
Goyenekoa.
Larramendi zan beste guztiyen
Aitalenena;
Larramendiren jarlekua zan
Goyen-goyena;
Larramendiren omon-sariya
Zurgarriyena;
Berak eskuan zedukan luma
Danik onena.
Larramendiri zioten danak
Jartzen koroa,
Beti-lorakin aingeruchoak
Egintakoa:
Larramendiri kantatzen danak
Kanta gozoa,
Esanaz bera zala guztiyen
Gañ-gañekoa.
Etorri ziran Zeruetatik
Aingeruchoak,
Kantatzen dokant miragarriyak
Otseztizkoak;
Guztiyak jotzen zituztelarik
Arpa gozoak
Eta-zutela dana lurrintzen
Beren egoak.
Ta Larramendi guztiyen buru
Zutelarikan,
Igarotzean, lañoak argiz
Apaindurikan,
Joan ziran danak Paradisura,
Kantaturikan,
¡Eta ni beean gelditu nitzan,
Gogaldurikan!