Ama Birjiña Aranzazu-koari
Echegaray, Karmelo
Ekaitz gogorra igarotzean
Datorren aize gozoak,
Sortitz guztiyan zabaltzen ditu
Atsegiñ mirarizkoak:
Piztutzen ditu, intzez bustirik,
Lore zimeldutakoak;
Eta kantatzen jartzen sasiyan
Chori bildurti gaisoak.
Gau illunaren ondorendikan
Datorren egun-sentiya,
Argiz ta lorez apaindurikan
Bere kopeta churiya,
¡Bai dala benaz zelaiyen eta
Mendiyen edergarriya!
¡Bai datorrela doaiz betea,
Dena jarririk alaiya!
Ekaitz-ondoko aize gozoa
Baño chit gozoagoa,
Egun sentiya doai denakin
Baño pozgarriyagoa,
Mendi onetan agertu ziñan
Birjiñ Aranzazukoa,
Izandu zedin Aloña-aldea
Beti zorionekoa.
¡Zer egun triste samiñak ziran
Euskaldunentzat orduan!
Gerra gogorra gizon guztiyak
¡Ai! zerabilten buruan;
Gorroto charra biotzean, ta
Ezpat zorrotza eskuan:
Zirudien ¡ni! maitetasuna
Ill zala beren barruan.
Triste zegoen Euskal-erriya:
Anai odolez bustirik
Ikusten ziran mendi guztiyak,
Iturri denak gorririk:
Guchitan emen ikusi izan da
Ekaitz bat gogorragorik,
Guchitan gaurik Euskal-erriyan
Ura zan beziñ illunik.
Lur legortuak udan eskatzen
Duen bezela erriya,
Euskaldun-lurrak eskatzen zuen
Pake chit maitagarriya:
Eskatzen zuen gau illun artan
Eguzkiyaren argiya,
Urraturikan aldendu zedin
Odei beltz izugarriya.
Zu izan ziñan ¡Zu! pakearen
Ekarle bedeinkatua:
Zu, gau illuna mendetu zuen
Argi dizdizarizkua:
Zu, Euskaldunen Ama biguna,
Beren laguntza osua,
Berak zituzten naigabe denak
Atsegiñ biurtakua.
Nola zimeltzen doan lore bat
Alchatutzen dan ederrik,
Egun-sentiyan eroritzen dan
Intz pozgarriyak bustirik:
Ala jaiki zan Euskal-erriya
Atsegiñ-gozoz beterik,
Zu ikustean bere lurrean
Naigabe denak azturik.
Gorroto charrak bukatu ziran
Nagusitu zan pakea,
Zeruko doai aingeruzkoa,
Onarentzako gordea:
Bazter denetan pozaren pozez
Kantuz zegola jendea:
«Bedeinkatua izan dedilla
Aranzako Ama maitea».
Baso-tarteko baserri baten
Bizi zan nekazariyak,
Mendi-gañean ardiyak zaitzen
Beti zebillen artzaiyak,
Eskutarmadun jauregi goya
Zuen echejaun aundiyak,
Denak kantatzen zuten gogotik:
«¡Maitatzen gaitu Mariyak!»
Gero ¡zeñ ez da Euskal-lurrean
Etorri zure oyera,
Bere naigabe lazgarriyetan
Laguntza gurteskatzera!
¡Nor ez da etorri, Birjiñ eztiya,
Aloña-mendi gañera,
Zure mesede miragarriyak
Gogotik otsanditzera!
Itsua dator argiturikan.
Ariñik zana elbarri,
Mingaña oso askaturikan
Mutua pozez kantari:
Denak diote esker ematen
Aranzazuko Amari,
Ikusirikan alde denetan
Ainbat eta ainbat mirari.
Orrera dator Inazio bat
Loyolatikan umillik,
Mundu-ondasun galkor ustelak
Mundutarrentzat utzirik:
Sua dariyon bere biyotza
Zure amorez beterik,
Alde denetan Fede Santua
Zabaldu nayez urturik.
Orrera dator Zumarraga bat
Zure aranza maitera,
Bere biyotza Zureganako
Maitetasunez sutzera:
Sugar orrekin goratutzeko
Choriandraren antzera,
Lurra utzirik, Zeru-alderonz
Argiya billatutzera.
Okendo batek dabillenean
Itsas-jazarran gogorrik,
Garaipenaren esperantza du
Zuregan jartzen bakarrik:
Erakutsirik ala garbiro
Ez dala biotz aundirik,
Non da Zerutik biotz ortara
Jechitzen ez dan indarrik.
Guztiyentzat da Birjiñ eztiya
Ama chit maite maitea,
Naigabedunen gozagarriya,
Zeruetako atea;
Egun-sentiko izar ederra
Manchen izpirik gabea,
Iturri garbi osasuntsua,
Lore guztiyen lorea.
Garo-tartean ezkutaturik
Dagon intz-tanto garbiya,
Eguzkiyari begiraturik
jartzen da dizdizariya:
Ala guk, ere, begiratzean
Zeñ ederra dan Mariya,
Sentiko degu ¡an! biotzean
Argitasun bat biziya.
Goazen guztiyok Berarengana;
Auzpez gaitezen lurrean;
Eskeñ zayogun izate dena
Jarririk bere aurrean;
Eskatu gero gorde gaitzala
Bizi geraden artean,
Chorikumea amak bezela,
Ongi bere mantupean.
Mantupe artan dago guretzat
Zorionaren kabiya;
Mundu ontako gora beretan
Portu atsegiñgarriya;
Animarikan odeitsuena
Dizdizten duen argiya;
Lurrean iñoiz izaten ez dan
Poz eziñ esangarriya.
¡Ama maitea! Mundu-aranzak
Gaituztenean zulatzen,
Dituztenean odol-jariyo
Gure biyotzak ipintzen,
Zure aranza bedeinkatuak
Gorde gaitzala ¡bai! arren,
Zu biyotzetik maiteaz beti
Bizi eta ill gaitezen.