Baserrijan
Etchegaray, Bonifacio
Bizitutzen naiz mendijan
Bas'erri churi batian;
Zelai ederrak alde batera
Baso aundijak bestian;
Arkitutzen naiz pakian
Nagonean bas'errijan.
Chorichuak ikusirik
Pozez nago bijotzetik;
Kantu ederra aditu eta
Gelditzen naiz alaiturik,
Chorijak joanik kabitik
Utzitzen naute bakarrik.
Artaldeak zelaijian
Ikusten ditut goizian,
Ilhuntzerako sartutzen dira
Bildochoak salechian;
Poza nere bijotzian
Dago ajek ikustian.
Jaikitzen naiz ni goizian
Chorichuak esnatzian;
Jaun goikoari othoitz eginik
Ezkilla aditutzian,
Asitzen naiz ni lanian
Poz ta gogo dut aundian.
Segitutzen det lanian
Gaba etorri artian,
Zeru aldera begiratu'ta,
Sartutzen naiz bas'errijan;
Izarrak distiatzian
Lotaratzen naiz pakian.
Irtetzean eguzkija
Pozturik dago uztija;
Chori ta bildoch, lore ta sasi,
Baso, zelai ta mendija,
Bai eta ere ibaija,
Den-dena dago alaija.
Intzan jeistean zerutik
Guztija dago tristerik;
Mendi-muturra illuna dago,
Choria dago isillik;
Triste nago bijotzetik
Gan illuna ikusirik.
Elizacho bat churija
Chiki, pollit, ta garbija,
Ikusitzen da mendi gaiņean
Balitz bezela eguzkija;
Beti alai ta argija
Beti, bethi pozgarrija.
|