inprimatu
Iholdiko elizari
Izenburua:
Iholdiko elizari
Sinadura:
Duny-Petre, Pierre (Manech, Manex)
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Duny-Petre, Pierre

Argitalpena:
Herria.
Urtea:
1969
Argitalpenaren urtea:
Alea:
968.zk.
Orrialdea:
4

Iholdiko elizari

 

Duny-Petre, Pierre (Manech, Manex)

 

 1

 

 Ekaina bero, Pe-Nafarroan,

 Pentzetan belar, lili, pinpirin,

 Iholdiarrak dira lorian,

 Besta-Berriko jantzariekin.

 Gazteria da lerro-lerroan,

 Bizkarra xuxen, zangoak arin,

 Boneta gorri, zizpa eskuan...

 Ezkilak oro, dalan ta dilin,

 Bainan eliza, malda gainean,

 Da nigarretan egun Iholdin!...

 

 2

 

 Elizak eder, Ostibarrean,

 Xuri-xuriak, gibelez aintzin.

 Iholdikoa, behar zenean,

 Artatzen zuten urtean behin,

 Bainan gaixoa, mendez-mendetan

 Fundikatu zen itaxurekin...

 Berant ohartuz, zorigaitzean,

 Auzoek dute bihotzean min,

 Zeren eliza, malda gainean,

 Da nigarretan egun Iholdin!...

 

 3

 

 Behar litake, eliza hortan,

 Lanari lotu, xut egon dadin,

 Ta bizi bedi lehengo modan,

 Haren aterbe pollitarekin.

 Bainan dirua, nuntik atxeman,

 Saristatzeko hargin ta zurgin?

 Xedeak anitz, sos eskasean,

 Laborariak ez dira sorgin...

 Beraz eliza, malda gainean,

 Da nigarretan egun Iholdi!...

 

 IGORTZE

 

 Oi, aberatsak, Ameriketan,

 Eta zu Maider, edo zu Pattin,

 Izan zirezte gure herrian,

 Badakizue orai zer egin...

 Eliza hori, malda gainean,

 Noiz ariko da irriz Iholdin?...


inprimatu