inprimatu
Osasuna, mundu honetako ondasuna
Izenburua:
Osasuna, mundu honetako ondasuna
Sinadura:
Cazabon Amigorena, Antton
Urkizaren iruzkina:
Egilea(k):
Cazabon Amigorena, Antton

Argitalpena:
Zeruko Argia.
Urtea:
1988
Argitalpenaren urtea:
Alea:
1207.zk.
Orrialdea:
56

 

 

 

 

faksimilea ikusteko


Osasuna, mundu honetako ondasuna

 

Cazabon Amigorena, Antton

 

 1

 

 "Goizean goizik jeiki ninduzun"

 doinua harturik lagun,

 bertso alaiak aire tristean

 ea moldatzen ditugun.

 Gauza serio eta sakonak

 esaten gau eta egun...

 Gizarte triste ta ilun hontan

 far ere egin dezagun.

 

 2

 

 Gutxi jatea hobea dela

 ematen diogu antza,

 urdaila ere zaindu behar da

 sartuz koipe eta saltsa,

 gozozaleak izanagatik

 bota lasai nahiko gatza,

 ase ta ere jarraitu jaten

 nahiz mahaitik ezin altxa.

 

 3

 

 Ogi zuria, ogi berra 

 labean egon berria,

 afal aurretik, alai ondoren

 ezin harturik neurria,

 edozerekin ongi sartzen da

 gauza estimagarria.

 Ogi pixka bat osasuna da,

 ezak sortzen du larria.

 

 4

 

 Aza, txorizo, urdai giharra

 babarrun ta odolkia,

 mondongo puska lodikotea,

 atzetikan sahieskia;

 gibel punta bat saltsan jarrita

 hasiera egokia.

 Porru patata osasuna da,

 ondasuna txerrikia.

 

 5

 

 Saltsan jarrita arkume ona,

 arkume ona erreta,

 olio grasaz esku, aurpegi

 eta kokotza beteta.

 Haragi pixkat presta dezagun

 errez jango dugu eta.

 Entsalada bat osasuna da,

 ondasuna da txuleta.

 

 6

 

 Sagardo ona, ardo hobea

 hoien atzetik gabiltza,

 hortatik aski izan ezkero

 alaitasunaren giltza.

 Zumoak hartzen hasten bazara

 oso sano ez zabiltza.

 Ur hotz gardena osasuna da,

 ondasuna ardo beltza.

 

 7

 

 Postretarako soilik mamia,

 beteko al da kupela,

 bizkotxo pixkat, ta flan txiki bat

 gehiegizkoa ez dela;

 tarta ere jan egin beharko

 ondatuko da bestela.

 Fruta freskoa osasuna da,

 ondasuna da pastela.

 

 8

 

 Horrenbeste jan, hainbeste edan

 irtenbide bat bakarra:

 Kafearekin sartu ditzagun

 kopa batzu barra-barra;

 pattarrik gabe, txanpainik gabe

 nahiko atari kaxkarra.

 Kamamiloa osasuna da,

 ondasuna da pattarra.

 

 9

 

 Gorputz guztia -a tope- dago

 gorputza eginik zisko,

 orain birikak ketan beltzatuz,

 eztulka hasteko listo;

 piztu ditzagun zenbait txiskero

 eta piztu zenbait misto.

 Oxigenoa osasuna da,

 ondasuna Montekristo.

 

 10

 

 Afaldu eta orain etxera:

 Hori gauza aldrebesa,

 gizon jokatu, kristauak ez du

 izan behar hain eskasa;

 sartu dezagun alkohol pixkat

 estutu arte arnasa.

 Lo egitea osasuna da,

 ondasuna da gau-pasa.

 

 11

 

 Bi pausu eman behar dira ta

 goaz kotxearen bila,

 exeri eta nekatu gabe

 gidari on ta abila.

 Eta nekatu nahi duena

 oinez ibili dadila.

 Oinez joatea osasuna da,

 ondasuna berebila.

 

 12

 

 "Osasuna da mundu hontako

 ondasuna" diotenez;

 dena kotxean, pausu bat ere

 ezin dugu eman oinez,

 gauez parranda, gauez zurruta,

 eta ohean egunez.

 Gutxi jatea hobea baina,

 ipurtzuloraino gainez.

 

 13

 

 Zer arraio da orduan mundu

 honetako ondasuna?

 Bertso hauetan aurkitu dugu

 egitazko erantzuna.

 Gure gorputza nola ondatu,

 da gure eginkizuna,

 gero begiak zerura jaso

 ta eskatu osasuna.

 


inprimatu