Amodiozko poema
Borda, Itxaro
Amodiozko poema guti
moldatzen dizut maitea
Ez baita errez sendimendua
hastetik hautemaitea
Ez eta ere haren erteko
hitzaren atxemaitea
Beraz bertsotan bihotzeko den
auhen hori emaitea...
Maitasuna da mugarik gabe
sekulan ez du azkenik
Suaz erretzen zaitu barnetik
ez dagoke larrazkenik
Ez nuen uste bihotz loturak
hain azkarrak zitazkenik
Eta maitea zuretzat egun
bertsoak in nitzazkenik...
Haizeak zion hego hatsean
zetorrela maitasuna
Bide beretik hari doakon
Binaren askatasuna
Zure ondoan ibiliko naiz
hilen dut bakartasuna
Hautsiko baita kateak lotzen
didan bihotz ontasuna!
Lehen harria, lur aberatsa
nakarren beti ahoan
Hura gordea ekai bezala
edertiaren osoan
Behin poeta oraindik ero
esperantzaren gozoan
Maitea zaude luzaz agian
bizirik nere gogoan...
Ni maitatzale beroa naizu
ari naizela bertsutan
Arin senditzen gara guziak
bide dorpean batzutan
Bainan ordea gaur egun hemen
aspaldi nagola sutan
Esango nuke eta dut uste
fidantza banuke zutan...
Orain uzten dut hor hedatzera
amodiozko uhaina
Gorde nahi du auhen kantua
lur estali baten haina
Orain uzten dut haren kemena
itotzera nere zaina
Bihotz indarrak azken finean
betiko har dezan gaina!
Begiratua zerugainetik
maitasunaren samurrez
Bertso hok ditut eman bakarrik
zuri hitz egin beldurrez
Mendiak dira negu minean
denak zuritzen elurrez
Agian ez da nere begia
zugatik beteko urez...